Komunikazioa. Doltza Barandiaran. Info7ko esataria

«Kolaboratzaile sare indartsua osatu dugu, ahalik eta gauza gehien sartzeko»

'Hitzen lihoa' magazina aurkezten du Barandiaranek, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:00etara. Hainbat kolaboratzaileren laguntzaz, tarte bat egiten die aisialdiari eta kulturari.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Euskadi Irratian zortzi urtez aritu ostean, Info7ra iritsi da Doltza Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa, 1982). Iaz kolaboratzaile lanetan aritu zen Agin Rezolaren 5etako Diligentzia saioan.

Zein da Hitzen lihoa saioaren helburua eta mamia?

Entzuleak entretenitzeko tarte bat egin nahi izan dugu, informazioaeta aisialdia uztartuz. Aurretik Kalegorrian oso lotua dago gaur-gaurko gai politikoei. Ondoren, magazin bat egin nahi zen. Eta pixkanaka osatzen ari gara proiektua.

Nondik dator saioaren izena?

Irrati munduan hitza nagusi denez, hitz joko bat egin nahi genuen. Lioa-ri h-a sartu diogu erdian, eta handik aurrera bakoitzak nahi duen bezala interpreta dezala.

Kolaboratzaile asko dituzue. Horiei esker, ia denetarik sartzen da programan, ezta?

Bai, dudarik gabe. Oinarrizkoena kolaboratzaileen ekarpena da. Bi orduko magazin bat nik neronek bakarrik ezingo nuke bete. Kolaboratzaile sare indartsu bat osatzen saiatu gara, ahalik eta gauza gehien sartzeko. Denak laguntzeko prest azaldu dira, eta ez dut batere kexarik.

Tertulia edo solasaldiak ere badituzue.

Astelehenean, Bergarako idazle eskolari tarte bat eskaintzen zaio. Asteartean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaz aritzen gara. Asteazkenean, sexualitatearen inguruko txoko bat dugu. Ostegunean eta ostiralean izaten dira tertulia formatu hutsagoak: ostegunean, feminista kuadrilla bat; eta ostiralean, batetik, gazteen solasaldia eta, bestetik, helduena.

Zer begirada eskaintzen dute Imanol Epelde eta Irati Goikoetxea kolaboratzaileek?

Literatura eta poesiaren munduari tiraka, eguneroko gaien inguruko hausnarketak plazaratzen dituzte.

Entzuleekin harremana sakontzeko asmorik ba al duzue?

Alde horretatik, nahiko irekita gaude. Sare sozialetan gaude, eta helbide elektroniko asko aipatzen dugu programan. Telefonoa jartzeko asmoa ere badago, entzuleek dei dezaten. Saioaren helbide elektronikoa hau da: [email protected]. Dena den, denbora gutxi daramagu, eta patxada izan beharko dugu.

Info7ren proiektua bera nola ikusten duzu gaur egun?

Ondo, pixkanaka-pixkanaka ari da martxa hartzen. Goizak itxura hartzen ari dira, esate baterako. Irrati berria da, eta baliabideak ez dira sekulakoak, baina jendea indar eta gogo handiz dago. Esperantza badut Info7k aurrera joko duela.

Mikro aurrean zer sentitzen duzu? Irratiaren magiaz zer esan dezakezu?

Zerbait sentitzen dut, bai. Nik esan dezaket Info7k proiektu hau eskaini zidanean errespetu handiarekin hartu nuela. Niretzat egunero bi orduko magazin bat egitea erronka bat da, orain arte batez ere kirol informazioan aritu naizelako. Saioan gauza asko probatu beharko ditugu. Gogotsu gaude, behintzat.

Irratiaren eta Interneten arteko harremanaz zer pentsatzen duzu?

Nire inguruan ikusten dut gero eta jende gehiagok entzuten duela irratia Internet bidez. Info7 FM bidez ez da leku guztietan entzuten, baina askok etxean edo lantokian entzuteko ohitura dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.