Arraun munduaren jarraitzaile denak badaki heldua dela denboraldiko probarik garrantzitsuena. Kontxako Bandera irabazteko ahaleginetan, arraunlari baina batez ere zale asko bilduko dira datozen bi igandeetan Donostiako kaian eta Pasealeku Berriaren inguruan.
Atzo, sailkatze eguna izan zen, eta goizean goizetik giroa nabaria zen Donostian. Uretatik kanpo baina txukun-txukun antolatuta zeuden kolore guztietako traineruak kaian. Noizbehinka lainoren batek atseden ematen zuen arren, eguzkiak gogor jo zuen. Arraunlariak itzal bila ibili ziren, bakan batzuek kopeta izerditua zutela traineruari distira ateratzen zioten bitartean.
Itsasoari begira zeudenak ere ez ziren falta izan: Jose Luis Korta eta Jose Manuel Francisco goizean goizetik ibili ziren kai inguruan, itsasoa nola zegoen aztertu eta dena ondo prestaturik uzteko.
Inguruan, zale bat edo beste bildu zen, arratsalderako aurreikuspenak egin eta batak besteari apustua botatzeko intentzioan.
Parte Zaharreko karriketan ere nabaria zen lehia giroa. Kolore guztietako elastiko soinean zituztela, elkarrekin gurutzatzen ziren alde bateko eta besteko zaleak.
Tabernetan, berriz, apustu giro gutxi. Agian, betiko apustu sistema tradizionalari lekua kendu dio makina bidez egindako apustu sistemak. Ardo on bat hartu eta pintxo pare bat jateko tradizioari, ordea, ez dago lekua kenduko dionik. Hainbat herritatik etorritako zaleek ez zuten galdu Donostiako pintxo goxoez gozatzeko aukera, noski, txakolin, sagardo edo ardo freskoz lagundurik.
Talde guztien hainbat zale Donostian elkartu ziren, baina beste asko beren herrietan geratu ziren. Sailkatze proba telebistaz ikusi edo irratiz aditu, eta herritik bertatik animatu zuten taldea.
Pasaiako badia
Pasaiako badian giro polita eta era berean lehiaz betea sortzen da Kontxako Bandera jokoan dagoenean. Normalean, denboraldi osoan ikus daitezke badiaren alde bateko eta besteko balkoiak zeinek bere koloreko banderak dituela. Kontxako Bandera iristen denean, baina, oraindik koloretsuago bihurtzen dira herriak.
Atzerritik portura datozen itsasontzietakoak azkar konturatuko dira bi herrien arteko lehiaz, badian sartu bezain laster ikus baitaitezke bi bandera erraldoi badiaren alde banatan, bata morea eta bestea arrosa.
Atzo herritar gutxi ziren herriko traineraren koloreko elastikoa ez zeramatenak. Txikienetatik hasi eta nagusietaraino, goizean goizetik elastikoa soinean jarri eta banderola eskuan hartuta, arraunlariak animatzeko prest atera ziren kalera.
Jaizkibel mendiaren beste aldean, Hondarribia dago, eta ez da atzean gelditu. Haten kolorea, berdea; trainerua, Ama Guadalupekoa. Bandera berdeak ez dira falta, ezta arraun elkartearen elastikoak ere. Haietako asko Donostiara joango ziren, baina herrian gelditutakoak ere bazebiltzan, berdez inguraturik, Ama Guadalupekoa animatzen.
Koloreen arteko lehia nagusia
Arraunaren munduko kirolari, zale eta elkarteen topagune garrantzitsuena izaten da Kontxako Bandera eskuratzeko estropada; goizetik nabaria zen estropada giroa atzo, sailkapen proban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu