Egunotako eguraldi aldrebesa baliatu dute askok Bilboko metroa hartu eta Barakaldoko (Bizkaia) BEC pabiloira joateko. Haurrak, gazteak eta helduak ikus daitezke batetik bestera, beroki, aterki, bufanda eta bestelakoak soinean dituztela. Famili eta lagun giro ederrean, batzuk; beste batzuk, berriz, bakarrik. Jende asko joan da seigarren eskulangintza azokara. Ostegunean ireki zuten, eta gaurkoa du azken eguna; 11:00etatik 20:00ak arte dago zabalik BECeko bigarren aretoa. 10 urtetik gorakoek zazpi euro eta erdi ordaindu behar dute sarrera, eta adin horretatik beherakoentzat doakoa da.
Askotariko objektuak dituzten 70 erakusmahai inguru jarri dituzte BECen. Erakusketak bisitari asko erakartzen du, eta antolatzaileek garbi dute horren arrazoia: lanketa errazez egindako materiala aurkitzeko aukera paregabea da. Ana Wantabek, esaterako, imitaziozko bitxiak saltzen ditu, eta pozik dago bisitariek gerturatutakoan izaten duten jarrerarekin: «Aurten ere, arrakasta izan du. Interesa duen jende mordoa hurbiltzen zaigu galderak egitera. Gauzak nola egin behar diren jakiteko borondatea dute gehienek».
Gauza asko salgai
Azokak aukera ematen du hainbat gauza ikusi eta erosteko: margolanak, imitaziozko bitxiak, ehunak, artilea, pintura, tapizak, plastilinazko objektuak, baita bestelako elementu ugari ere. Ikuslea txundituko duten kolore ugariz dago jantzita aretoa, goitik behera; berdea, gorria, laranja, morea eta urdinaren moduko kolore deigarriak ikus daitezke, baina baita apalagoak ere; esaterako, zuria, beixa eta pastel kolorea. Produktuen tamainari erreparatuta ere, aniztasuna antzematen da. Batzuk txikiak dira oso; adibidez: belarritakoak, lepokoak eta eraztunak. Beste zenbait, ordea, handiak; horien artean, margolanek eta tapizek pizten dute gehienjendearen arreta.
Jasone Urizarrek, bere bazkidearekin batera, pintura saltzeko erakusmahai bat jarri du. «Lankideak eta biok pintura saltzen dugu, baina material guztietan ezin da margo mota bera erabili; ez da gauza bera ehun gainean margotzea, eta zeramika eta beirazko ontzien kanpoko aldeak pintatzea. Aurrenekoak, arkatz markatzailea behar du, ezinbestean; beste biek, berriz, potekomargoa», argitu du Urizarrek.
Pintura saltzeaz gain, margo horiekin egindako bitxiak eresaltzen dituzte. «Guk, margoez gain, bitrai edo prismaz egindako lepokoak eta bestelako apaingarriak ere saltzen ditugu. Ikusleen aurrean lan egiten dugu, eta, hartara, bisitariek aukera izaten dute lan prozesua nolakoa den ikusteko», esan du. Produktuaren bilakaera ezagututa, bezeroek errazago erosten dituzte eskulanak, Urizarrek jakinarazi duenez.
BECera joaten denarentzat, eskulangintza produktuak ikusi eta erostea ez da aukera bakarra. Antolatzaileek hainbat ikastaro antolatu dituzte, azokak iraun bitartean. Kumihimo teknika japoniarrari buruzko ikastaro bat, aluminiozko imitaziozko bitxiak egiteko beste bat, eta plastilinari eta patchwork japoniarrari buruzko ikastaroak ere antolatu dituzte; patchwork japoniarrak izan du, guztien artean, arrakastarik handiena. Gaur, teknika hori irakasteko hiru saio antolatu dituzte: 11:15etik 13:15era izango da aurrenekoa; 13:30etik 15:30era, bigarren saioa; eta 18:00etan hasi eta 19:30ean bukatuko da hirugarren ikastaroa.
Plastilina ikastaroa Patricia Ruizek zuzentzen du. Plastilina nola landu behar den irakasten dio interesa duenari. Jendearentzat jarduera ezezaguna bada ere, egunero joan zaio bezeroren bat plastilina nola landu ikasteko gogoz. «Azokak iraun duen egun guztietan etorri zait niri jendea. Batez beste, lau eta zortzi pertsona arteko taldetxoak izan ditut ikastaroan», jakinarazi du Ruizek.
Jatorri askotako bisitariak
Euskal Herriko txoko askotatik etorri da jendea egunotan Barakaldora, baina beste leku batzuetatik ere etorri dira asko. Azokak iraun duen lau egunetan, bi mila pertsona inguru autobusez joan dira azoka bisitatzera, Asturias, Kantabria, Burgos, Zaragoza eta Errioxatik. Azokan, beraz, eskulangintzak kolore, forma eta tamaina asko dituela ikusteaz gain, aukera egon da ikusteko badituela leku ugaritako zaleak ere.
Kolorez jantzi da erakustazoka
Ostegunean hasi zen, eta gaur bukatuko da BECeko eskulangintza azoka. Produktuak ikusi eta erosteko aukera ez ezik, azokarekin batera antolatu dituzten ikastaroetan parte hartzekoa ere baliatu du bisitari askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu