Emakumeek sorturiko literatura ikertu eta biltzeko Skolastika gunea sortu zuen 2004an Josune Muñozek. Album ilustratutik komikira: Literatur formatu berriak hitzaldia emango du gaur, Durangon.
Muñoz bilbotarra da, eta euskal filologia ikasi zuen. Emakumeek eginiko komikigintza ikertzen dabil aspaldi, eta hainbat ikastaro eman ditu gaiaren inguruan. Komikigintza genero alternatiboa dela uste du, gutxiengo batentzat eginikoa, baina indargune handia duena: zale sutsuak. Gutxiengo horren barruko gutxiengoa dira emakume komikizaleak, eta are urriagoak emakume komikigileak. Halere, azken horiek eginiko ekarpena berezia eta garrantzitsua izan dela uste du. Marrazkietan gizon eta emakumeek sorturiko komikien artean alde txikia dagoela uste du, baina gaian edo gaiaren tratamenduan oso bestelakoak dira emakumezkoek aukeratutakoak: autobiografia da generorik kutunena emakumeentzat, eta ironiaz zein umorez jorratzen da. «Kritikoa da, eta ez da batere biktimista. Ez gara agertzen kexaka», dio Muñozek. Emakume komikigileek gizakien eta batez ere emazteen irudi sinbolikoa askoz errealistagoa eman dute. Muñozen arabera, komikigintza, orain arte, «oso genero sexista izan da», baina emakumeak emakumeez askoz irudi egokiago eta errealistagoa ematen ari dira.
HITZALDIA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Durangoko liburutegian (Bizkaia).
Komikiak eta literatura
Formatu berriez mintzatuko da gaur, Durangon, Josune Muñoz emakumeen literaturan aditua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu