Komunikazioa

Komunikabideetako langileak, prekarietatearen aurka protestan

Bilbon, CCOO sindikatuak deituta, elkarretataratze bat egin zuten atzo RTVEren egoitzaren aurrean

Bilbon RTVEren egoitzan egin zuten protestaldia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Lan prekarietatearen aurka eta komunikabideetako informazioaren kalitatearen alde lelopean, elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon RTVEko langileek, CCOOk deituta. 50 lagun inguru bildu ziren, RTVEren egoitzaren aurrean. Antolin Lekue TVEko langile batzordeko kideak dio oso kezkatuta daudela etorkizunari begira.

Beste hiri batzuetan ere protestaldiak egin zituzten atzo hainbat komunikabidetako langileek. CCOOk, agiri batean, lanbidearen egoera salatu zuen: «Dena amaitu nahi dute, eta ez dute nahi guk kontatzea». Telebista kate autonomikoak pribatizatzeko, PPk legea aldatu du; egunkarietan erregulazio espedienteak ireki dituzte, eta ikerketa taldeak desagertzen ari dira. «Horrela, ustelkeria eta gehiegikeria kasuen gaineko ikerketak desagertu egin daitezke», dio CCOOren idatziak. Irrati eta telebista publikoen murrizketak gehituz gero, egoera honela geldituko da: «Albisteek joera bakarra izango dute, eta iritzien kontrastea desagertu egingo da, informazio ofizialak irentsita».

Bartzelonan SPC, CCOO, UGT eta UPIFC sindikatuek deituta egin zuten protestaldia, Sant Jaume plazan. Komunikabideen aldeko manifestu bat irakurri zuten. Halaber, gutun bat bidali diote Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteari, komunikabideen etorkizuna ziurtatuko duen politika publikoak susta ditzala eskatzeko. «Gertatzen ari dena ezagutaraztea galarazi nahi dute, Espainiako Konstituzioaren 20. artikulua eta Kataluniako Estatutuaren 52. artikulua urratuz», dio Kataluniako sindikatuen manifestuak. Krisia hasi zenetik Kataluniako komunikabideetan bi mila langile geratu dira kalean. «Are larriagoa da kolaboratzaileen egoera, lana galtzen dutenean ordainsari eta langabeziarik ez baitute kobratzen», dio agiriak.

Madrilen ere egin zuten protestaldia, Sol plazan, TelemadridekoCCOO, UGT eta CGT sindikatuetako ordezkariek deituta, «zerbitzu publikoaren alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.