Komunikazioa

Komunikazio komunitarioa, aurrera begira

Antxeta Irratiaren 10. urteurrenaren barnean, Europako Irrati Komunitarioen I. Foroari hasiera eman zioten atzo. Komunikazioaren hirugarren sektoreaz gogoeta egiteko bildu dira.

urtzi urkizu
Hendaia
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Komunikazioaren demokratizazioa bultzatzen duen sektorea da hirugarrena. Komunikazioa eskubide gisa ulertu eta aldarrikatzeaz gain, irrati komunitarioek funtzio sozial garrantzitsua betetzen dute», dio Antxeta Irratiko koordinatzaile Aitziber Zapirainek. Helburu horrekin ari dira lanean, munduan barrena, ehunka irrati komunitario. Eta horietako batzuen ordezkariak Euskal Herrian dira egunotan, Antxetak antolatutako Europako Irrati Komunitarioen I. Foroan.

Emmanuel Bouterin AMARC irrati komunitarioen mundu mailako elkarteko presidenteorde eta SNRL Frantziako irrati libreen sindikatuko presidentea Hendaian zen atzo, Foroko aurreneko egunean. «Foro hau topagune aparta da, kultur dibertsitatearen seinale baita. Irrati komunitarioak funtsezkoak dira hizkuntz minorizatuetan ari direnentzat. Horrez gain, irrati hauek funtsezko rola jokatzen dute komunitate askoren garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean».

Zapirainek nabarmentzen duen bezala, oso tokikoak dira mota honetako irrati gehienak. «Baina txikiak izanik ere, gizarte lokalean ezagunak dira, elkarte, gizarte eragile edota artisten artean. Izan ere, irrati komunitarioek informazio instituzionalei bezainbesteko garrantzia ematen diete gizarte parte-hartzailea bultzatzen duten eragileei».

Austriatik Michael Gams etorri da Hendaiara, Radio FRO irratia ordezkatuz: «Kontuan izan behar da Europan egun dibertsitate handia dagoela. Austrian, esate baterako, herrialde askotako jendea bizi da. Duela 12 urtetik hona irrati komunitarioak sortu dira, eta horiek oso garrantzitsuak bilakatu dira herritarrentzat».

Dublingo Near FM irratiaren izenean Dorothee Meyer-Holt Kamp ari da parte hartzen topaketetan. «Nire ustez, komunikabide komunitarioak garrantzitsuak dira herritar guztiengana iristen direlako. Gainera, ez zara profesionalak izan behar horietan aritzeko. Adin ezberdinetako lagunek egin ditzakete irratsaioak, eta horrek aberastasun handia dakar». Erromako Radio Citta'Aperta irratiko Marco Santopadreren iritziz, kontuan hartu behar da egun hedabide gehienak enpresa eta lobby gutxiren eskuetan daudela. «Testuinguru horretan, irrati komunitarioak funtsezkoak dira tokiko komunitateentzat, eta baita arazo puntualak dituzten taldeentzat ere: etxebizitza, immigrazioa, emakumeak... Gobernuek laguntza gehiago eman beharko lizkiekete hedabide komunitarioei». Euskal Herrian egiten ari den forora pozik etorri da Santopadre, «esperientziak konpartitzea garrantzitsua baita indartsuago izateko».

Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eman zuen atzo aurreneko hitzaldia, euskarazko komunikabideen inguruan.

Gaur, Foroko bigarren egunean, Irungo udaletxean, Komunikazio eskubidearen bermean alor legalaren azterketa izenburuko mahai-ingurua egingo dute, 16:00etatik 18:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.