Mixele, Rami, Jesus Mari eta Tereixak jatorria dute abiapuntu; lau zapata pare, lau esperientzia, lau istorio, lau bizimodu, lau kontakizun, lau sentimendu eta lau omenaldi dira, besteak beste. Bidegurutze berera iritsi eta elkarrekin abiatu dira tipi-tapa.
Aurreko batean, lagun batek Bidaia intimoak dokumentala zer iruditu zitzaion azaldu zidan: «Lehen aldiz ikusi nuenean lau protagonistak euskarara zergatik hurbildu ziren jakin nuen; bigarrenez ikustean, protagonistak nolakoak diren ezagutu nuen; eta hirugarrenez jartzeak, berriz, haien ingurukoak nolakoak diren eta garen konturatzeko balio izan dit».
ETBn igandean emango zutela jakinarazi zidaten, hain zuzen, 11:40an. Une hartan, Arabako hiriburuan azken kilometroez gozatzen ariko ziren, antolatzaileen esanetan Korrikak inoiz izan duen amaierarik jendetsuenean. Beraz, asko Gasteizen izango ziren, beste asko ohean, eta banaka batzuek iratzargailua jarriko genuen.
Ohiturak zer diren. Kalean bezala euskarazko telebista kate batean beste hizkuntza bat aditzeak ez ninduke askorik harrituko. Alderantziz, ordea... Uste ez banuen ere, ETB2n ematekoak ziren dokumentala, azpitituluek lagunduta. Bi gogoeta eragin zizkidan horrek.
Batetik, azpitituluekiko gure gizarteak duen ikuskera. Telebistaren oinarrian etengabe ikasteko aukera ala denbora-pasa dagoen, horra gakoa. Nik Suediara egindako bidaia batean eztabaidatu nuen lehen aldiz gaiaren inguruan. Han, atzerriko ekoizpen oro jatorrizko bertsioan emititzen da, azpitituluekin. Hemen bikoizketa da nagusi. Emititzen den hori aintzat hartuko duen erdibidearen zalea nahiz aspaldian. Igandean iruditu zitzaidan azpititulua neurrira egindako irtenbidea zela, dokumentalak islatu nahi zuena pantaila bati begira ikusi ahal izateko. Bestetik, arraroa egin zitzaidan gaztelaniazko kate batek euskarazko doinua izatea ia ordu eta erdian. Iragarkiren bat edo beste entzun izan dut euskaraz ETB2n, ez askoz gehiago. Arraroa iruditu izana ere arraro egin zitzaidan, hain zuzen, alderantzizko kasuetan egoera bera arrunta iruditu ohi zaidalako. Dokumentalak, hala ere, natural egiten zuen bere bidea.
Ea hurrena bidaia eta gogoeta intimoak jende gehiagorekin parteka ditzakegun, bestelako ordutegi batean.
KOMUNIKAZIOA. Abiapuntuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu