KOMUNIKAZIOA. Appleren emaitza onak

gorka julio
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Steve Jobs Apple enpresako buruak salmenta datuak ezagutarazi ditu. Datu onak dudarik gabe, batez ere krisi garaian. Datu ekonomikoei bakarrik begiratuta, noski; Applerentzako iPhone eta iPad gailuak sortzen laguntzen duen Foxconn enpresan, adibidez, 30 langilek baino gehiagok beren buruaz beste egin dute, lan baldintzen ondorioz.

Ezin ukatu iPhone bezalako produktuek oso harrera ona izan dutela. Sakelakoen munduan,berrikuntza handia izan da gailuei dagokienez eta batez ere kanpotik. Hala ere, gailuei dagokienez, jada beste marka eta enpresa batzuek iPhone baino gailu hobeak atera dituzte. Horietako gehienek Android erabiltzen dute, sakelakoentzako sistema eragile librea. Bigarren hori aipatu du Steve Jobsek, bigarren gai gisa. Android sistema eragilea duten gailuak gehiegi direla, merkatua zatikatua dagoela eta horregatik ez duela arrakasta izango adierazi du. Baina datuek ez dute hori adierazten. Android sistema eragilea erabiltzen duten sakelakoak %32 dira AEBetan; Applelen iOS sistema eragilea erabiltzen dutenak, berriz, %25, Nielsen enpresaren arabera.

Android, gainera, librea da. Guztiz librea den edo ez eztabaidagarria da, baina ez dago dudarik Appleren produktuak baino libreagoak direla. Pertsonalizatzeko aukeretatik hasi, instalatu eta sor daitezkeen aplikazioetaraino. Eta hori kontuan hartu gabe Android sistema eragilearen bihotza Linuxen oinarrituta dagoela.

Appleren produktuak integratuagoak direla, noski, hasieratik bukaeraraino erabaki garrantzitsuenak hartzeko aukera beretzat gordetzen baitu enpresak. Baina horrela, adibidez, ezinezkoak izango lirateke Android garatzaile askok egindako sistema eragileak moldatzea eta, adibidez, euskaratzea etorkizunean. Edo, behintzat, zailagoa litzateke. Gainera, Android sistema eragilea Googlek sostengatzen duela jakinda, errazagoa izango da laster Android bera ere euskaraz ikustea, Googlek hizkuntzen inguruan duen politika zabalagoa baita.

iPhone gailuak kanpotik telefonoak aldatzea lortu bazuen, Android sistema eragilea barrutik aldatzen ari da. Orain, gainera, Android sistema eragilea erabiltzen duten zenbait sakelakoren kalitatea parekoa da. Beraz, kalitatea eta askatasuna batzen badira, askoz hobe.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.