KOMUNIKAZIOA. Ardurak eta beste hainbat

Jokin Labaien.
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Arazoei aurre egiterakoan -ardura sentitu eta garrantzia eman nahi bazaie behintzat-, hainbat izan daitezke har daitezkeen jarrerak. Egoera baten analisia egin, eta gerta daitekeena aurreikusiz irtenbideak mahaiaren gainean jarri; salatu, salatu, salatu eta salatu, indar agortezinaz; gertakari larrien aurrean distantzia hartu, aurrez ere isiltasuna mantendu ondotik; ezikusiarena egin eta «banekien nik, abisatu nizuen» aldarrikatu; denbora joaten utzi, eta unerik larrienak igaro ondoren gaia hizpide hartu; ala alderantziz, unerik gogorrenetan iraultzaren bandera eskuetan hartu, aldarriak egin eta biharamunean ahantzi... Eta beste hainbat. Berdin balio dute ardura kolektibo zein norbanakoenetarako.

Irakurtzen, entzuten, behatzen eta pentsatzen jarri eta hainbat gaik ardura dezakete norbait, bere erosotasunetik harago: Aaiungo momentuko egoera eta bahituen zein hildakoen senideen egoera, sahar herriaren gatazka orokorraren isla dena; negu gorriaren atarian bagaude ere, dagoeneko hainbat pertsonak bizi duen bakardadea, babes falta, gure utzikeriatik ere baduena; gaur, atzo eta herenegun bezala, emakume batek baino gehiagok ubelduak izango dituela azalean ezpada bihotzean eta autoestimuan eta beldurrez biziko dela, bizi bada; memorian dauzkagun hutsarteak iraultzeko dauzkagun gabeziak, deitu gerra zibilieko anonimoak, gerra zikinetako borreroak eta biktimak ala egindakoen ordainik jaso gabe hil berri den Samuel Kunz bezalako naziak; beste hainbatetan nola, sudurraren puntan jarri zaiolako Egiptorekiko mugan hesi bat eraikitzen hasi den Israelgo Gobernuaren inpunitatea; amiantoaren min betikoa; gosearen aseezina; mugagabeko kontsumismo eredua; gure hizkuntza txikiarekiko aurkako jokaera handia eta abar, eta abar, eta abar.

Ispiluko nire islari, etxeari, kaleari eta telebistari begira jartzean arduratzen naute. Igande eguerdian arduratzen ninduten, eta dokumental batek eman zidan, ostera, gogoetarako bide. ETB2 kateko Mundo. Hoy saioan Esta es mi tierra... Hebron ikusten ari nintzela, hain zuzen. Kasu horretan, Palestinarekin gogoratu nintzen, igandean, bazkalaurretik, gaia puri-purian ez dagoen garaian. Baina, noski, arazoei aurre egiterakoan -ardura sentitu eta garrantzia eman nahi bazaie behintzat-, hainbat izan daitezke har daitezkeen jarrerak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.