Orain arte musika izan da nagusiki Bizkaia irratian arratsaldeetan. Bihar hasiko duten programazioan, berriz, edukiz «jantziko» dituzte arratsaldea, iluntzea eta gau partea. 16:00etatik 18:00etara, Dragoka saioa emango dute. Horretan Euskal Herriko zein kanpoko musika oinarri dela, entzuleak gertuko informazioa eta jakingarriak jasoko ditu: Bizkaiko herriei buruzkoak, aholkuak, osasun kontuak... 18:00etatik 20:00etara, Dabi Piedrak Berbarako magazinea gidatuko du. Informazioa izango du ardatz: Bizkaiko albisteak zein orokorrak, kirol berriak, zirkulazioa, eguraldia, bidaia eta mendi kontuak, herri aldizkarien kolaborazioak...
Iluntzeko zortzietatik aurrera, Interneten eta teknologia berrietako azken joeretan oinarritutako saio bat egingo du Izaskun Ellakuriagak. «Sarean pil-pilean dagoena azalduko du, entzuleen parte-hartzearekin batera. Saio arin eta interaktiboa izango da», diote Bizkaia irratikoek.
Gainontzeko programazioan, goizeko eta eguerdiko irratsaioak eraberritu egingo dituzte. Goizeko Izarretan saioa 07:00etan hasiko da, eta Udane Goikoetxeak eta Alfre Elgezabalek egingo dute. 12 urte arteko neska-mutikoek badute lekua saio horretan, Dona dona lehiaketan. Zorionagurrak, 09:30ean, Mikel Astelarra eta Libe Agirreren esku geldituko dira aurten. 11:00etan, Lau Haizeetara magazinea aurkeztuko du Ainhoa Larrazabalek.Eta Egunez egun 13:30eko albistegia Miren Ezkurrak; egunero kulturari buruzko tarte batekin amaituko da.
Jabier Onaindia, zuzendari
Bizkaia irratiak baditu berrikuntzak programaziotik at. Irratiko zuzendari berria Jabier Onaindia da. Hilaren 11n, berriz, hogei urte beteko ditu Bizkaia irratiak, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
KOMUNIKAZIOA. Arratsaldea eta iluntzea edukiz jantziko ditu Bizkaia irratiak bihartik aurrera
Dabi Piedrak 'Berbarako' irratsaio berria gidatuko du 18:00etatik 20:00etara, «informazioa ardatz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu