KOMUNIKAZIOA. Arrautza frijituak piperrekin

Jokin Labaien.
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Niretzat telebistak behar dituen baloreak dauzkan pertsona ikusi nuen ostegunean ETB1en. Ez nuen berehala pentsatuko. Pertsona bakarrak erakutsi zituen talde erraldoi dirudunek nahita ere lortu ezin dituzten dohainak. Sanoa, hurbilekoa, umila, umoretsua, langilea, lasaia, azkarra, esker onekoa... Badakit bai, Xabier Euskitzek Anitzele saioa hasi zuen bezala hasi dut nirea ere. Juan Mari Arzaken aurkezpena lausengariegia-edo iruditu zitzaidan. Baina ni ere azkar asko liluratu ninduen...

Ostegunean, saioa hasi aurretik zer afaldu zuen esanaz hasi zuen elkarrizketa: «arrautzak piperrekin». Ederra. Hor konkistatu ninduen. Imajinatu nituen halako prestigioa duten beste asko trantze berean. Elkarrizketatzailearen, kameren, fokuen eta ikus-entzuleen aurrean jarri eta nork erantzun ohi du halako naturaltasunez? Askok, berak bezala arrautza frijituak piperrekin afalduta ere, ez lukete hain jaki soilek eragindako gozamena hain garden eta garbi adieraziko.

Izan ere, gai transzendentalak jorratzeko joera izan ohi dugu askotan. Telebistan zein bizitzan. Eta munduko sukaldari onenetakoa denak irauli egin zuen inertzia hori ordu erdiko elkarrizketan. Lana, lana eta lana aipatzen zizkioten. Eta hark ezetz. Ez dela ogibidea, bizitzeko era dela... Eta, gainera, ez duela behin ere erretiroa hartuko, egoskor.

«Urrezko danborra noizko?» galdetu zion zuzenean Sebastian Lizasok, halako batean. Zaila dela erantzun zion Arzakek. Berak baduela asko estimatzen duen urrezko domina bat. Dena norberak jaso nahia ez dela bidezkoa, eta merezi duten beste asko daudela. Atera kontuak.

Hala joan zen elkarrizketa. Bitxikeriak, anekdotak eta ingurukoek hari buruz esandakoak entzuten aritu ginen. Ordea, Arzakek telebistako saio bat nola sukaldatuko ote lukeen galdetzen nion nik neure buruari. Zein ote diren oinarrizko osagarriak. Zein pauso eman behar diren. Zein tenperatura den egokia. Nola aurkeztu behar den. Asmatuko bailuke, 68 urterekin astean plater berri bat mahaiaren gainean jartzen duen horrek.

Haren menuaren berrikuntzak ez dira laborategiaren eta lan taldearen emaitza soilik. Saiatzea da gakoa. Fedea izatea. Hankak lurrari itsatsita mantentzea. Gozatzea eta gozaraztea. Balore egokien aukeraketak dakar arrakasta, ongi egindakoaren ordaina. Sukaldean zein telebistan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.