Nahi izanez gero, zure argudioetara hurbiltzen diren nahi beste pertsona eta iritzi aurkituko dituzu. Gaiak ez baitu adostasunik lortu azken urte luzeetan. Eztabaida eternala da. Aditu bakoitzak bere ustea du. Gizartean, ikus-entzuleei dagokienez, oharkabean igarotzen da. Ni ez naiz aditua. Ez dut uste garbirik. Zantzuak bai.
Azpidatziak ala bikoizketa? horra koska. Bestela ere izendatu ohi da: jatorrizkoaren egiazkotasuna xehetasun eta guzti, ala aisiari lotzen zaion joera pasiboa? Neroni, azkenaldian, bigarrenari lotuago nago. Filmak, telesaioak zein sormen lanei buruzkoak jatorrizko bertsioan ezagutzeko aukera izanez gero, ez dut zalantzarik izaten.
Astelehen gauean, esaterako, mugatuta sentitu nintzen EITB Kultura saioari begira. Bi artistaren lan berriei buruzko erreportajeak josi zituzten jarraian. Gaztelaniaz mintzo ziren biak. Ahotsa kendu zieten batari zein besteari, eta ahots arrotza txertatu. Haien hitzak ziren entzungai, ez haien ahotsa, gauzak azaltzeko era, mundu ikuskera eta sorkuntzaren oinarria. Mikel Urdangarinek abesten zuen poema datorkit burura, Kirmen Uribek sortua. Euskara munduari begiratzeko modu bat dela zioen. Hizkuntza bakoitzarekin hala gertatzen dela esango nuke. Beraz, Rafa Berrio musikariaren abestiak eta Ignacio Fernandez Tellez argazkilariaren irudiak egoki ulertzeko, lagungarria izango da haien jatorrizko mintzaira beste edozein bainoago. Sorkuntza ulertzeko goseak narama gogoeta horretara. Gai bakoitzari nondik begiratu ikuspegia aldatu egiten dela ere badakit jakin. Non bizi garen, gure ama hizkuntzak duen egoera, zein den gure kulturaren erreferentzien jatorria, azken urteetako urratsak eta mugak nahiz bestelako hainbat ikuspegi aintzat hartuta, zalantzak sortzen zaizkit. Eta nire zalantzari kezka dario.
Har ditzagun ETB1 eta ETB2. Azpidatzien alde egingo bagenu, euskarazko katearen edukien ehuneko handiegia litzateke gaztelaniaz, ingelesez zein beste hizkuntza batzuetan. Gaztelaniazko katean, aldaketak izan arren, egoera ez litzateke hain eskandalagarria. Uste dut ez liokeela gaztelerazkoa izateari utziko. Euskarazkoak, ordea...
Koska, agian, lehentasunetan legoke. Arazoa da, ohi bezala, ikuspegiak arre edo iso ohi direla, zertan ez duten arren. Gaikako erabakiak hartzea ausardia handiegia ote?
KOMUNIKAZIOA. Arre edo iso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu