Esku bakarreko hatzak nahikoa eta sobera dira, haien adinean, Donostiako Zinemaldi entzutetsuan bi lan aurkeztu dituzten pertsonak zenbatu ahal izateko. Nabaria da. Euskal Herrian ez dira asko, haien adinean, bi ekoizpen herririk herri erakutsi ahal izan dituztenak. Nabaria da. Euskal Herrian zein kanpoan, gutxi dira, duten adina dutela ere, halako gai korapilatsuak aukeratzen dituztenak gehien maite duten langintzan muturra sartu eta etorkizuna eraikitzen hasteko. Nabaria baita isilarazitako gaiekin zaila dela bide egitea.
Hori horrela, itxaropentsu ekin nion igandean ETB1en eman zuten dokumentala ikusteari. Josu Martinez eta Txaber Larreategik zuzendutako lanak (Debekatuta dago oroitzea) Saturrarango emakumeen espetxean izandako hainbat presoren eta haien senideen testigantzak biltzen ditu. 1937tik 1944ra bitartean erregimenaren aurkako gorriak zigortzeko lekua bilakatu zuen Francok seminario eta bainuetxea zena. Gorriek gorriak ikusi zituzten lekua, Mutriku eta Ondarroa artean.
Pasa berri den Donostiako Zinemaldian Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen lana ikusi ahal izan dut, egile berek ondua. Igandean izandako sentipen bera eragin zidan. Nola da posible gutako askok euskaldunon iragana eta orainaldia osatzen duten gertaeren berri ez izatea?
Horregatik pozten nau ETB1en Debekatuta dago oroitzeaikusi ahal izateak. Ase, ostera, ez nau asetzen. Dokumentala gaztelaniaz egina dago. Dena den, ETBren euskarazko katean eman zuten, azpidatzita. Gutxienez lau aldiz, errotuluen bidez, azpidatziak estali zituzten datozen egunetan izango diren hainbat saioren iragarpena egiteko. Noski, ez da beste munduko kontua, gurean gutxi izango baitira euskaraz soilik dakitenak. Baina errespetuaz ari naiz. Zain nago, lan bera ETB2n noiz ikusiko. Emanaldiaren erdialdera, tripazorriek ere zer pentsatua eman zidaten. Normala al da dokumental bat iluntzeko bederatzietan ematea? Hamarrak inguruan hastekoa zen saioak (Gol festa) ikusten ari nintzenak baino garrantzi handiagoa ote zuen? ETB2n ordu berean estreinatzekoa zenari (El conquistador de Aconcagua) halako itzala egingo ote zion? Ba ote beste arrazoi ezkuturik?
Akaso, oroitzeko debekua indarrean dago oraindik, zenbaitzuk kamerari zuzenean begiratzeko gai izan arren.
KOMUNIKAZIOA. Asebetetzen ez nauten pozak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu