Asko hitz egin da azkenaldian ETBren eguraldi mapaz eta ETBko zuzendaritzak mapa aldatzeko hartu zuen erabakiaz. TVEko eguraldi mapak ere, ostera, badu berezitasunik; batik bat, agertzen dituzten hiriei erreparatuta.
TVEko mapan Galiziako hiriak galegoz azaltzen dira: A Coruña, Ourense, Muxia, Pontevedra, Lugo eta Vigo. Kataluniakoak, katalanez: Girona, Lleida. Baita Balear uharteetakoak ere: Eivissa, Maó eta Palma. Valentziako komunitatekoak, aldiz, gaztelaniaz: Alicante, Castellón de la Plana eta Valencia. Hego Euskal Herriko hirietan, Pamplona, San Sebastian eta Bilbao gaztelaniaz agertzen dira, eta Vitoria-Gasteiz bi hizkuntzetan. Baztan ere azaltzen da mapan -bi hizkuntzetan berdin idazten da-.
TVEn hiriak idazteko irizpideen gainean galdetu du BERRIAk, eta honako erantzun hau jaso du: «Lurralde Politikako Ministerioak esaten duena jarraitzen dugu, Entitate Lokalen erregistroko datuak, hain zuzen». Bertan izen bikoitzen kasuak ezartzen dira. «Horrenbestez, San Sebastian jartzen jarrai dezakegu -Donostia onartzen du-, Bilbao -ez du Bilbo onartzen- eta Vitoria-Gasteiz -izen konposatua-». Harridura sortzen du Gasteizko kasuak, bi izenak azaltzen dituen hiri bakarra baita.
Bestetik, Galizian TVEko eguraldi mapak beste polemika bat eragin du. Fisterra kendu eta Muxia jarri zuten urte hasieran. Fisterrakoen artean haserrea sortu zuen erabakiak, eta udalak aho batez eskatu zion TVEri Fisterra mapara itzul zezala.
Urtarrilean TVEk iragarkiak kendu zituenetik, albistegi luzeagoak egiten dituzte, eta eguraldiari lehen baino tarte zabalagoa eskaini diote. Teknologia berriak erabiliz, osatuagoa da tartea, sinbolo ikonografikoekin. Ez da denen gustukoa, ordea. Eta baditu hirien izenena bezalako alor kritikagarriak.
KOMUNIKAZIOA. Balearretan katalanez, euskal hiriak erdaraz
TVEren eguraldi mapan hiriak «Lurralde Politikako Ministerioari jarraituz» idazten dituzte. Galiziakoak galegoz eta Balear uharteetakoak katalanez daude, baina Euskal Herrikoak gaztelaniaz ageri dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu