KOMUNIKAZIOA. Bertsio ofizialaz...

Jokin Labaien.
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ohiz kanpokoa da Azpimarra edo antzeko saio batean halakorik ikustea. Maddalen Iriartek Txina hizpide hartuta hasi zuen ostiraleko emanaldia. Bakearen Nobel saria Liu Xiaobo disidenteari emango diotela (metaforikoki bada ere, hura jasotzeko ez baitiote kartzelatik irteten utziko) adierazi zuen, lurralde asiarrean «katanak gora begira jarrita daudela» iradokiz.

Rikardo Arregi idazleak ekin zion bertsio ofizialak nabarmen uzteari. Poztu egiten omen dute horrelako albisteek, hain zuzen, Txinari buruzkoak ekonomiari lotuta eskaintzen baitzaizkigu beti. Shanghaiko erakustazokaz, lehendakariaren edo Bilboko alkatearen bisitez zein kooperatibek bertan dauzkaten negozioez gain, gure hedabideek behingoz Txinan gertatzen dena erakustea ederra zaio. Gutxitan gertatzen omen da. Gutxi iraungo omen du gugan albisteak, bi astez edo. Mendebaldeko gainontzeko herrialde batzuei begira jarri zuen mira aurkezleak. Txina estu hartu bai, baina giza eskubideei dagokienez, haien golkoari begiratzeko beharra aditzera emanaz.

Hurrengo bi gonbidatuek, Oierrek eta Mikelek (Iriartek abizenik gabe aurkeztu zituen Gorosabel blogari eta fisioterapeuta eta Izagirre Urnietako alkatea), segi zioten Arregiren bideari. Gorosabelek Bakearen Nobel sarien izendapenak izan duen beherakada nabarmendu zuen. Bereziki azken bi urteetan, haren hitzetan, joera markatu nahi izan dute. Eskubideen urraketaren salaketari egoki iritzi zion Izagirrek, alabaina, beti horrela egingo balitz.

Gisa horretan ari zirela aurkeztu zuten Azpimarra-ra eraman ninduen arrazoia, Asel Luzarraga idazleari egitekoak ziren elkarrizketa. Iragan abenduaren 31n hasi zen Luzarragaren amesgaiztoa. Pasatakoak pasata, lasai, soseguz, baikor eta zehatz mintzatu zen zazpi minutuz. Bizi izandakoak, gaur egungo egoera eta etorkizunerako asmoak azaldu zituen, aldian behin, algararen bat joaten utziz. Tarte motza behar izan zuen Txileko agintarien bertsio ofizial sinesgaitza hankaz gora uzteko. Tarte motza eman baitzioten. Gustura entzungo nuke nik luzaz. Zalantza dut, aurrez ere, behar besteko arreta jarri ote dion ETBk kasuari. Etxera bueltan, behinik behin, haren bertsioa entzun ahal izan dugu. Argi dut, arrazoia eta kontzientzia lasai dauzkanari zazpi minutu aski zaizkiola frogak erakusteko. Epaia aldekoa da, bertsio ofizialetik at.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.