'Más que palabras'. Ari dira nabarmentzen kutsu politikoa duten lehen aldaketak MQP saioan, uztail arte Punto Radio Bizkaiako (Vocento taldea) zuzendari zen Almudena Cachok bere gidaritza hartu duenetik. Igandeetako solasaldiko parte- hartzaileen zerrenda ikusi besterik ez dago: Pablo Zapata, Maria Gonzalez, Arantxa Urretabizkaia, Jose Antonio Perez, Jose Luis Neyro eta Luis Valdes. Kasualitatez, konstituzionalismoaren ingurukoak edo, behintzat, egungo estatus politikoa zalantzan jartzen ez dutenak. 09:05eko prentsa irakurketa, berriz, Jose Luis Peñalvaren esku utzi dute. Agerian uzten ari da bere mundu ikuskera, egunez egun; iaio askoa dugu gaztelaniaz edo ingelesez idatziriko prentsako titularrak, artikuluak eta erreportajeak miatzen eta aipatzen. Bien bitartean, euskara eta euskal kulturarekin lotura duen edozer ez da existitzen; arreta merezi duen ezer ez da argitaratzen, antza, mundu horretan. Lagin modura: derrigortuta ikusi zuen bere burua, aurreko astean, Vargas Llosaren inguruko guztia ondo aztertu eta lerrorik azpimarragarrienen sintesia gureganatzeko; Anjel Lertxundiren ingurukoa, ostera, materia saihesgarria iruditu zaio oraingoan.
Juan Kruz Lakasta. Biktimetako bat dugu kazetari iruñearra, Javier Vizcainoren aroko iritzi emaileen garbiketa osoari dagokionez MQP-en. EIn goizero zeukan prentsa irakurketaren ataltxotik ere kendu dute Lakasta; kazetaritzaren errealitateari begiratu umoretsu bezain bihurri bat ematen laguntzen zigun aukera hori galarazi digute nork daki zer arrazoi dela medio. Dena esatera, kolaboratzaile gisa daukate, 10:00 aurreko solasalditxoan. Eta, bestelakoan, bere emana osorik jarraitu nahi duenak, badaki Euskalerria Irratian harrapa daitekeela, egunero, Pasahitza magazinean (10:00-12:00), Pello Argiñarenarekin batera. Osasunaren etxeko partiden zuzeneko kontakizunak ahaztu gabe.
Mikel Aramendi. Analista entziklopediko horren arrastorik ez dugu sumatzen irrati panoraman azken boladan. Jendaurrean iritzia eman aurretik irakurri behar ziren agiri guztiak irakurtzen zituen bakanetakoa; ETAren agiri luzeak, esaterako. Soldata irabazten zekien tertuliakide bakanetako bat zela, alegia. Haren hutsa sumatzen da, ireki den aldi politiko honetan.
KOMUNIKAZIOA. Desagertuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu