KOMUNIKAZIOA. EITBren Iruñeko eta Baionako egoitzak kendu nahi dituzte UPDk eta PPk

Bi egoitzak desagerrarazteko legez besteko proposamena eztabaidatuko dute gaur Eusko Legebiltzarrean

urtzi urkizu
Donostia
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
EITBren arrazionalizazio ikerketa batekin gastuak aurreztearekin batera, Iruñeko eta Baionako egoitzak desagerrarazi nahi ditu UPD alderdiak. Hori legez besteko proposamen gisa jaso zuten uztailaren amaieran. Eta gaur eztabaidatuko dute proposamena Eusko Legebiltzarraren EITBren Kontrol Batzordean. PPk hauxe dioen zuzenketa bat gaineratu dio proposamenari: «Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritza eta EITB deitzen ditu, krisialdia eta EAEko errealitate ekonomikoa kontuan hartuko dituen kontratu programa berri bat egin dezaten. Gastuen murrizketaren eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzearen bidetik jo beharko luke kontratu berriak».

Iruñeko eta Baionako delegazioak mantentzeko asmoa azaldu du orain arte EITBko zuzendaritzak. Baionako egoitza kudeatzeko lehiaketa bat antolatu zuten udaberrian, eta K2000 ekoizpen etxeak irabazi zuen.

UPDren arabera, «EITB, euskal autonomia erkidegoaren irrati-telebista izan arren, komunitatetik kanpo jaso daiteke, eta egiturak ditu bere lurraldetik kanpo. Egitura propio bat ere badu Estatutik kanpo, Baionan». «Pentsatzen dugu EITBren helburu nagusiak zergak ordaintzen dituzten herritarrak zerbitzatzea izan behar duela. Eta EITBk bere ekimena EAEra mugatu behar du», dio UPDk.

Gaurko eztabaidan, ETB4 katea sortzea bertan behera uzteko eskatuko du UPDk. Kirol kate bilakatzeko ikerketa egin den arren, EITBren egoera ekonomikoak ez du aukerarik emango oraingoz laugarren katea sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.