Telebistaren mesedetan hartutako erabakiek kirolariak eta kazetariak haserrarazi dituzte azkenaldian. Kasu bat baino gehiago izan da gurean. Hor da, esaterako, jokoan den lau t'erdiko pilota txapelketako adibidea. Telebistako arduradunen presioa izan zen kritikagai duela aste batzuk. Pilotariek ez dute ulertzen zergatik derrigortu ditzaketen bi atsedenaldi egitera, hala nahi ez badute ere. Futbolean, berriz, astero partida bat astelehenera pasatu izanak harrotu ditu hautsak. Iragan ostiralean, esaterako, irrati esatariak entzun nituen erabakiaren aurka. Hainbat familia, bereziki haurrak, asteburua noiz iritsiko zain bizi omen dira. Asteko lehen eguna ez omen da egokia haientzat. Jakina, ordutegia, etxerako lanak...
Argudioak argudio, erabakien ondorioz sutu direnek telebista jarri dute jomugan. Duen eraginaren erruz, nahierara jokatzen omen du: era injustuan, kirolari kalte eginez, ikuskizunari soilik erreparatuz, negoziaren menpe.
Dena den, ulertu nahi dut, telebistak berak ez duela erabakiak hartzeko gaitasunik. Telebistaz ari diren horiek kateetako arduradunekin egongo dira haserre, egotekotan. Bakoitzaren interesek zenbaterainoko zilegitasuna duten izan liteke hizketagai. Zilegitasun hori, ordea, bulego itxietan erabakitzen da, eta bulegoak norbere etxean kokatuta egon ohi dira. Beraz, zenbat buru, hainbat aburu...
Eta, noski, lau t'erdiko txapelketan derrigorrezko zenbat atseden izango ziren erabaki zuten bileran, mahaiak bi alde izango zituen. Baita futbol partidak astelehenean jokatuko zirela ebatzi zutenekoan ere. Bigarren alde horretan, nola ez, kirol horietako arduradunak eseri ziren. Futbolean, taldeetako lehendakariak ala haiek aukeratutako ordezkariak; pilotan, enpresetako arduradunak.
Hain zuzen, horiek dira telebistak egindako presiozko proposamenei baietz esan eta akordioak sinatu zituztenak. Pentsa daiteke eskuak aurrez aldetik lotuta izango zituztela. Ados. Baina nor dira aipatu taldeen eta enpresen buruzagiak? Kasu askotan, behintzat, enpresariak. Eta enpresen funtsa, oker ez banago, errentagarritasuna ere bada. Eta futbola errentagarria dela ez dut zalantzarik. Eta pilotari ere, egun, bizirauteko gaitasuna bide beretik datorkiola esango nuke. Hau da, biek ala biek telebista ezinbesteko akuilua dutela aurrera egin ahal izateko.
KOMUNIKAZIOA. Elkarrenganako loturak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu