Distantziatik. Vatikano Irratiak Ibarretxe lehendakariari elkarrizketa egitea debekatu zioneko pasadizoa gogorarazi zigun Iñaki Arregik atzo, Edu Lartzangurenekin orrialde honetantxe edukitako solasaldian. Denboraren joanak eskaintzen digun zentzumenetik ikusita, jokaera horrek, lotsagarria iruditzeaz gain, zenbaitek une batean jasan dezaketen itsukeriaren neurria ematen digu. Ibarretxerengatik epelak esan zituztenek ere nekez aterako lirateke plazara gaur egun, debeku hori justifikatzera. Bada, politikagintzak hitzetik hortzera darabilen prozesu politiko bateko protagonista zuzenei zertan dabiltzan galdetzeko hitza eman nahi ez izateak hilabeteetan eta hilabeteetan, hori ere lotsagarria egiteaz gain, EITBko zenbait buruetan habi egin duen itsukeriaren neurria ematen digu. Hemendik bizpahiru urtetara, denboraren joanak ematen digun zentzumena eta hoztasuna erabiliz, agian tokatuko zaigu EITBren azken ibilbidea astintzea eta fiskalizatzea. Egun hori iristen bada, izango al da inor oraingo jokaera defendatuko duenik?
Morrontza.Boulevard saioko elkarrizketatu -15-16 minutuko tartea- politikoen zerrendak adierazten digu pluraltasun politikoa ez baizik eta EAEn nork gobernatzen duen eta noren laguntzarekin, lotsa falta eta inpunitate puntu bat erakutsiz. Badoan aste honetako zerrendak errealitate hori berretsi digu: Mikel Torres (PSEko antolaketa idazkaria) astelehenean, Isaias Rodriguez (Venezuelako enbaxadorea) asteartean, Idoia Mendia (Jaurlaritzako bozeramailea) asteazkenean, Alfonso Alonso (PP-Euskadi) ostegunean, eta Eduardo Madina (PSEko diputatua) ostiralean.
Errepikatzen. Entzuleoi zaila egiten zaigu ulertzen sarri zein irizpide darabilten solasaldietako arduradunek, solaskideak hautatzeko orduan. Partaidetzarik ahalik eta zabalena nahi genuke, solasa aberasgarria eta kontrastez betea gerta zedin; are gehiago euskal politika pluralak denborarik gehiena jango dion tertulia bati buruz ari garenean, eta hori soilik hiru edo lau parte-hartzailez osatzen denean. Horrexegatik, ez da aise ulertzen, ñabardurak ñabardura, ildo politiko beretsukoak diren bi hizlari mahai berean jartzea; esaterako, Faktoria saioan, hots, Patxi Baztarrika eta Martin Auzmendi (ostegunetan) edo eta Koldo Ordozgoiti eta Nerea Azurmendi (ostiraletan).
KOMUNIKAZIOA. Errepikapenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu