ETB1en beheranzko joera etenik gabekoa izan da azkeneko urteetan, eta joera hori areagotu egin da EITBko zuzendaritza berriarekin. Maiatzean euskarazko kateak inoizko ikusle daturik txikiena izan du neurtzen hasi zirenetik: %2ko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan -Nafarroako daturik ez dago-. Horrek esan nahi du iazko maiatzarekin alderatuta puntu bat eta lau hamarren galdu dituela. Duela bost urte, 2005. urtean, %5eko batez besteko kuota zuen ETB1ek. Eta urteotan ehunekoa erdira jaitsi da -2010eko aurreneko lau hilabeteetan %2,6ko kuota izan zuen-.
Euskarazko katearen %2 hori are txikiagoa litzateke, maiatzeko futbol partiden emanaldi batzuk kenduz gero; Txapeldunen Ligako finala eman zuten aurrenekoz, eta Realak partida garrantzitsuak jokatu ditu. Txirrindularitza eta pilota emanaldiak ere izan dira katearen batez bestekotik gora. Albistegiek eta barne ekoizpeneko saio gehienek, ordea, ikusle gutxi bereganatu dituzte azkeneko hilabetean.
ETB1ek inoizko daturik txikiena izan du maiatzean, eta gauza bera gertatu zaie Galiziako TVG (%11,2), Valentziako (Herrialde Katalanak) Canal9 (%7,9) eta Andaluziako Canal Sur-i (%11). Kataluniako TV3k, berriz, puntu bat irabazi du azkeneko hilabetean, %15,7ko kuotara iritsiz.
ETB2, %10etik behera
Euskarazko katearen datuak txarrak badira, ETBko gaztelaniazko katearenak ez dira hobeak. ETB2k %9,5ko ikusle kuota izan du maiatzean, aurreko hilabetean baino zazpi hamarren gutxiago eta duela urtebete baino bost puntu eta bi hamarren gutxiago. Nabarmena da LTDko eskaintza hazkundeak eragin nabarmena izan duela gaztelaniazko katearen datuetan. Esan beharra dago,ETB2ren ikusle galera aurreko zuzendaritzaren azken hilabeteetan handia izan zela: 2009ko urtarriletik ekainera puntu bat eta zazpi hamarren jaitsi zen. Baina, ordutik, jaitsiera areagotu egin da. Uztailean hartu zuen EITBko zuzendari kargua Alberto Suriok. Eta irailean, denboraldiko lehen hilabetean, %12,5eko kuota izan zuen; ordutik hiru puntu galdu ditu ETB2k.
Euskarazko katean kirolak datua handitzen duen bezala, ETB2n El conquistador del fin del mundo izan da salbatzailea: denboraldi honek %24,5eko batez besteko kuota izan du, eta finalak %28,3koa. Joan den igandean, ordea, V telesailak ordezkatu zuen Patagoniako lehiaketa, eta datu apal samarrak izan zituen: %7,3ko kuota lehen atalak (68.000ikusle) eta %9,6koa bigarrenak (77.000 ikusle).
Aurreko astean, Alberto Suriok eta Patxi ArratibelETBko Estrategia eta Kanpo Harremanetarako zuzendariak kezka azaldu zuten datu horiengatik administrazio kontseiluko bileran, eta Sofresek egindako neurketek «zalantzak» sortzen dituztela esan zuten. Gaia aztertzeko bilera bat egingo zutela iragarri zuten, bide batez.
Haurrei eta gazteei zuzendutako ETB3 kateak beste bi kateen joera hausten du: maiatzean %0,6ko kuota izan du, aurreko hilabeteetan baino hamarren bat gehiago, eta duela hilabete batzuk lortutako kuotaren bikoitza.
Telebista kontsumoari dagokionez, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko herritar bakoitzak maiatzean 227 minutu pasatu zituen pantaila txikiaren aurrean.
Espainian, La1 jaun eta jabe
La1 katea ikusi dute gehienbat maiatzean Espainian, eta zortzigarren hilabetez jarraian lidergoa izan dute: %15,7ko kuota. Tele5 bigarren tokian dago, %14,7ekin. Urrun samar Antena3; hirugarrenean, %11,9rekin. La Sextak inoiz izan duen daturik onena berdindu du: %7,7. Cuatrok, berriz, lau hamarren galdu ditu, eta %6,5an gelditu. Gaikako kateen artean, haurrei zuzendutako Clan TV da gehien ikusten dena: %3,2.
KOMUNIKAZIOA. ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du maiatzean, inoiz izandako txikiena
ETB2k %9,5ko kuota eskuratu du, duela urtebete baino bost puntu eta bi hamarren gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu