KOMUNIKAZIOA. ETB2 kateak hiru puntu galdu ditu iazko otsailarekin alderatuta

ETB1ek %2,6ko ikusle kuota izan du otsailean, duela urtebete baino hiru hamarreko gutxiago

urtzi urkizu
Donostia
2010eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
ETB2 katearen ikusle kuotaren galera etengabekoa da. 2009. urtea %15,1eko kuotarekin hasi zuen, otsailean %14,5era jaitsiz. Eta urtebete geroago, kuota hori hiru puntu txikiagoa da, %11,5ekoa, hain zuzen. EITBren aurreko zuzendaritzaren azkeneko hilabeteetan kateak ikusle asko galdu zituen, eta uztailean zuzendaritza berria heldu zenetik ikusleak galtzen jarraitu du. 2009/2010 denboraldiari erreferentzia eginez gero, irailean %12,5eko kuota izan zuen gaztelaniazko kate publikoak, eta ordutik puntu bat galdu du.

Urtarrilaren amaieran hasi ziren ETB2n zuzendaritzaren programa berriak estreinatzen, baina horrek ez du igoerarik ekarri. Are gehiago, urtarriletik otsailera hiru hamarreko galdu ditu ETB2k. Apustu berrien artean, oso datu kaskarrak ari da eskuratzen Euskadi directo saioa: batez beste %7ko ikusle kuota.

Katearen batez bestekoa salbatzen ari dena El conquistador del fin del mundo saioa dela ematen du: igandetan liderra da, eta otsailaren 28ko emanaldiak %25,9ko kuota eskuratu zuen, denboraldiko marka -205.000 ikuslek ikusi zuten programa-. ETB2ko albistegiak ere nahiko datu onak ari dira lortzen zenbait egunetan, eta joan den asteburuan liderrak izan ziren -ziklogenesiaren ondorioen eraginez-. Hilabete osoari begiratuz gero, ordea, La1 eta Tele5ko albistegiak ETB2ko Teleberri baino gehiago ikusten dira; Tele5koa ikusten da gehien eguerdian, eta La1koa gauean.

ETB1 kateari dagokionez, iazko otsailetik hona hiru hamarreko galdu ditu, %2,6ko kuotara helduz -urtarrilean ere datu bera izan zuen-. Ez da oso datu ona euskarazko katearentzat, batik bat kontuan izanda otsailean kirol emanaldi asko izan direla: Eskuz Binakako Txapelketa (astean hirutan), Txapeldunen Ligako partidak... Kirol emanaldi horiengatik ez balitz, katearen batez bestekoa oraindik txikiagoa litzateke. Euskarazko katearen beherakada aspaldian sumatzen da: 2005etik 2009ra %5eko kuotatik %3ra jaitsi da.

Tele5 berriro lider EAEn

Urtarrilean La1 katea izan zen ikusiena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5k zazpi urte eta lau hilabetez lortutako nagusitasunari amaiera emanez. Baina otsailean Tele5 izan da berriz ere ikusiena, %19,8ko kuotarekin. Bi puntuko aldea atera dio, gainera, La1ri. Haiengandik oso urruti dago Antena3, %10,7ko kuotarekin. Gaikako kateek audientzia tartaren zati handia jaten dute dagoeneko: ordainezko gaikako kateek %9a, eta LTDko gaikakoek %8,9a. Cuatrok %6,3ko kuota du, eta La Sextak %6,2koa. Telebista kontsumoa egunean 245 minutukoa da.

Espainian La1 da ikusiena

Espainian, La1 da liderra baina urtarriletik otsailera ia puntu bat jaitsi da (%17,7). Edonola ere, Tele5ri bi puntu eta lau hamarreko ateratzen dizkio. Antena3 hirugarren lekuan dago (%12,5).



Oscar Terolen 'Uyyyyy!' ken dezakete bi astetan ikusle nahikoak lortzen ez baditu

Astelehenetako ETB2ko prime time-rako Oscar Terol berreskuratu du EITBko zuzendaritzak, baina oraingoz Terolen apustua ez da lortzen ari datu onegirik. Hala, datozen bi astetan Uyyyy! umore programak ez badu katearen batez besteko audientzia lortzen (%11,5) kendu egin dezakete -klausula indarrean jarriz gero-. Estreinako saioak %11,7ko kuota izan zuen, bigarrenak %8,9koa eta hirugarrenak %9,1ekoa. Laugarrenak %5,4ko kuota izan zuen. Astelehen honetako saioak, Anne Igartibururekin, %9ko kuota baino ez du izan (85.000 ikusle). Kritika onik ere ez du jaso Bainet ekoiztetxearen programak, eta etorkizun zaila duela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.