KOMUNIKAZIOA. ETB2k hiru puntu galdu ditu iazko urritik hona, %12,2ko ikusle kuotara jaitsiz

ETB1ek 2009ko datu txikiena izan du urrian: %2,8ko kuota, aurreko hilabetean baino puntu erdi gutxiago

urtzi urkizu
Donostia
2009ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Urrian ETB1ek 2009ko hilabeterik txarrena izan du ikusle datuei erreparatuta: %2,8ko ikusle kuota. Baita ETB2k ere: %12,2. Euskarazko kateak bost hamarreko galdu ditu azkeneko hilabetean; hiru hamarreko gutxiago ditu iazko urriarekin alderatuta. Gaztelaniazko kateak, berriz, iaz garai berean baino hiru puntu gutxiago ditu, eta hiru hamarreko galdu ditu azken hilabetean. Horren arrazoia batetik audientzien atomizazioan eta gaikako kateen gorakadan egon daiteke, baina badira esaten dutenak ikusleen galeran arrazoi ideologikoak egon daitezkeela.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak asteburuan egunkari bati emandako elkarrizketan adierazi du ETBren audientzien jaitsiera «aurreko zuzendaritzaren herentzia» dela, eta egungo zuzendaritzak ez duela denborarik izan horri aurre egiteko. Ikusleen datuetan gora egin ahal izateko ETBren albistegiek erreferente izan behar dutela dio Kultura sailburuak. Urgellek, bestalde, ez du uste abertzale batzuen aldetik ETBrekiko boikotik dagoenik.

ETB2ko saioen artean, astelehenetako Plató 2.0 programak oso datu eskasak izan ditu: urriaren 26an 18.000 ikusle baino ez zituen izan, %3,7ko batez besteko kuota. Estatutuaren gainean egun bat lehenago eman zuten mahai-inguruak datu hobea izan zuen, baina ez nabarmenegia: 57.000 ikusle, %8,2ko kuota.

Daños y prejuicios telesaila, asteazken gauetan, %10eko kuotaren inguruan dabil (100.000 ikusle), katearen batez bestekotik behera. Pásalo magazineak ikusle asko galdu ditu azkeneko hilabeteetan, eta bere ordutegiko liderra izateari utzi dio (aurreko denboraldian %20ren inguruan zebilen). Westernak laguntzen dio ETB2ri arratsaldeetan datu hobeak izaten (batez beste %18,8). Urriaren 29an eman zuten Hang'em High filmak %22,9ko kuota lortu zuen (hileko markarik onena).

ETB1ek urriko emanaldi ikusiena urriaren 21ean izan zuen: Real Madril-Milan partidak %25eko ikusle kuota izan zuen, batez beste 210.000 ikus-entzule; 580.000 lagunek ikusi zuten uneren batean. Barne ekoizpenari dagokionez, Go!azen telesail musikala oso fin ibili da: lehen lau ataletan %6,2ko kuota, 4-12 urte bitarteko haurren artean %36,5ekoa.

Tele5k indartsu jarraitzen du EAEko lidergoan. Baina gaikako telebisten gorakadak kate generalista guztiei eragin die, baita Tele5ri ere: irailetik (%19,8) urrira (%18,9) ia puntu bat jaitsi da. Hiru probintzietan ikusle bakoitzak hiru ordu eta 45 minutu pasatzen ditu egunean telebista ikusten.

Espainian La1 katea (%16,3) da ikusiena, Tele5 (%15,2) eta Antena3en (%13,8) kateen aurretik. La2ek inoiz izan duen datu txikiena berdindu du: %3,5. Telebista kontsumoa 10 minutu hazi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.