KOMUNIKAZIOA. ETBko zuzendaritzak espedientea zabalduko die hiru kazetariri

Langileek idatzi bat egin dute astelehenean izandako gertaera bati buruz eta ELAk eta LABek babestu dituzte

urtzi urkizu
Donostia
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ezinegona gero eta handiagoa da ETBko albistegietako erredakzioan eta egoera gaiztotzen ari da. Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak espedientea zabalduko dietela esan die hiru kazetariri. Horien artean daude Maite Zurikarai eta Jasone Agirre. Zurikarairi astelehenean Politika arloburuarekin izan zuen aferagatik irekiko diote espedientea; Agirreri, berriz, langileen iritzia zuzendaritzara helarazteagatik.

Sindikatuak kezkatuta daude eta etxe barruan gertatzen ari denaren kronika biltzen ari dira, dosier batean bildu eta laster aurkezteko. Dosier horretan, esate baterako, asteleheneko gertakariak jasoko dituzte.

ETBko erredakzio kontseiluak idatzi bat bidali dio zuzendaritzari, astelehenean gertatutakoaz. Honela dio: «Goizeko txandan, kazetari batek eginda zuen lana atzera bota, eta politika arloburuak berak idatzitako testua eman dio kazetariari irakurtzeko. Kazetariak ez du baldintza horietan lan egiterik onartu, eta azkenean albistea ez da eguerdiko albistegietan sartu». Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren tesi irakurketaren berria ere ez zuten albistegian sartu.

«Arratsaldez, ordea, emaitza oso bestelakoa izan da», jarraitzen du idatziak. «Editoreak zuzen-zuzenean igorri dio kazetari bati arloburuak idatzitako testua». Juan Carlos Viloria Politika arloburuak agindutako testuan Gernikako Estatuaren aurka EAJk izandako kontraesanak kritikatzen ziren. «Arratsaldeko kazetariak testua euskaratu eta lokutatu egin behar izan zuen, baina ez zuen aukerarik ezetz esateko, behin-behineko kontratua duelako». Langileek esan dutenez, horrelako prozedurak «guztiz onartezinak» dira albistegi batean, «profesionalen deontologia eta eskubideak zapaltzen dituelako».

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek bat egin dute langileen idatziarekin. Bihar langile batzordeko bileran gaiaz eztabaidatuko dute. «Astelehenean hartu zuten erabakiak ildo jakin bat erakusten du, interes politiko batzuekin. Zentsura eta presioak hor daude», dio Gurutz Gorraiz ELAko Komunikabideen Federazioko arduradunak. «Informazio batzuk ezkutatu eta beste batzuk manipulatu egiten dira ETBn». Gertatzen ari denaren kronika biltzen ari dira, eta laster dosier bat aurkeztuko dute.

Miguel Angel Idigorasek langileei ohar batekin erantzun die, eta langileek asteleheneko gertaeraz idatzitakoa ezeztatu du. «Politika arloburuak ez zuen kazetariaren lana baztertu, baizik eta aldaketa eta ñabardura batzuk egin zituen lanaren azken emaitza aberasteko».



Viloriaren bateraezintasun egoerari buruz galdetu dio EAJk Alberto Suriori

Irailaren 28an jakinarazi zen ETBko Politika arduradun eta Ez Eguneroko Albistegietako zuzendariorde berriaren izendapena. Ordutik hona, Juan Carlos Viloriak telebistako hainbat solasalditan parte hartu izana eta iritzi artikuluak idazten jarraitzea kritikatu du EAJk. ETB2ko Plató 2.0 saioko solasaldietan parte hartzeari utzi dio. El Correo-k astelehenean argitaratu zuen haren artikulu bat. EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxeberriak Viloriaren bateraezintasun egoerari buruzko hainbat galdera egin dizkio Alberto Suriori, Eusko Legebiltzarrean erantzun ditzan. «Deontologia ikuspuntutik, bere ardurekin bateragarri al da ETBko Politika arduraduna telebistako solasaldietan sarri agertzea eta iritzi artikuluak idaztea?». EAJk «onartezin eta ulertezin» jo du hori. «Lehen horrelakorik ez zen gertatzen ETBko albistegietan».



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.