1992. urtean hasi zen lanean Bizkaia Irratian Jabier Onaindia (Aulestia, Bizkaia, 1970). Ordutik hainbat irratsaioren ardura izan du, irailean zuzendari izendatu duten arte.
Zer moduz joan zaizkizu aurreneko egunak zuzendari moduan?
Ondo, lanpetuta. Proiektuak badaude. Ilusioa ere badago taldean, eta lan egiteko gogoz gaude.
«Hogei urte ez dira ezer» dio tangoak. Baina euskarazko hedabide batentzat bada zerbait. Nola baloratuko zenituzke Bizkaia Irratiaren 20 urteak?
Nik 18 urte daramatzat hemen, eta gauzak asko aldatu dira ordutik hona. Gauzak egiteko modua asko aldatu da, teknologia berriak direla eta. Bestalde, bizkaiera da gure lan tresna. Garai batean euskaraz gai batzuk lantzea askoz zailagoa zen. Asko kostatzen zitzaigun jendea topatzea. Hori zabaldu egin da, eta edozein gairen inguruan aritu daiteke euskaraz. Teknologiak, halaber, gauzak asko erraztu dizkigu.
Nola ospatuko duzue irratiaren20. urteurrena?
Pentsatzen ari gara zer egin. Azaroan entzuleekin bazkari bat egingo dugu. Urtero egiten dugu horrelako bazkari bat, baina aurtengoa berezia izango da. Etxeko tratua dugu entzuleekin eta haiekin bilduko gara. Urtea amaitu baino lehen beste zerbait ere egongo da.
Programazioan aldaketa nabarmenak egin dituzte arratsaldeko ordutegian. Beste aldaketarik egiteko asmoa ba al duzu?
Oraingoz arratsaldea indartzea da aldaketa garrantzitsuena. Lehen musikala zena orain magazinez eta edukiz bete dugu. Goizetan ere ukitu batzuk egin ditugu, entzuleei begira. Irratiaren oinarriekin jarraituko dugu bestela. Bizkaiko berriek dute lehentasuna. Dena den, beste hedabide batzuekin lankidetza hitzarmen batzuk sinatzeko asmoa dugu.
Euskal Herrian Arrosa sareak funtzionatzen du. Haiekin aritzeko aukerarik ez duzue aintzat hartu?
Pixkanaka goaz, baina hori ere pentsatu beharko dugu. Izan ere, Ipar Euskal Herriari kasu gehiago egin nahi genioke. Horri ere helduko diogula pentsatzen dut.
Euskalkia erabiltzen duzue mikro aurrean. Baditu abantailak bizkaieraz aritzeak, ezta?
Bai, bizkaiera gure marka delako. Bizkaiko euskaran egiten dugu, eta irrati bakarra gara modu horretan aritzen garenak. Aparteko marka horrek laguntzen du entzuleei entzuleen euskaran egitea. Hurbiltasunean ere asko laguntzen du.
Internet bidezko eskaintzan zer erronka dituzue?
Une honetan Bizkaia Irratia on line entzun daiteke, mundu osoan. Facebooken perfila dugu, Twitterren bidea zabaltzen gabiltza. Gure webgunea apur bat berritu eta hobetu nahi dugu, erakargarri egiteko.
Publizitate jaitsierak min handia egiten die euskal hedabideei. Nola daramazue kontu hori?
Krisiak denori eragiten digu, bai. Dirulaguntzetan eta publizitatean nabaritzen da hori. Laguntzen diguten etxeetan ere beherakada egon da. Irudimena erabiliz beste bide batzuk bilatu beharko ditugu aurrera egiteko. Ez da unerik errazena, baina aurrera egiteko gogoa dugu, behintzat.
Bizkaia Irratiaren etorkizuna, behintzat, bermatuta dago.
Bai, nik uste dut baietz. Lan inoiz baino sendoago egin beharko dugu, hori bai.
Zer balio erantsi eta ezaugarri ditu Bizkaia Irratiak egungo komunikazio esparruan?
Aipatu beharra dago Bizkaia Irratia elizbarrutiaren irratia dela eta kristau balioak zabaltzen saiatzen garela. Elizaren inguruko gaiei kasu egiten ahalegintzen gara, eta goizeko bederatzietan meza eskaintzen dugu. Gainontzekoan, gai orokorrak lantzen ditugu. Tertulia pare bat baditugu, eta horiek pluralak izaten dira, mota guztietako iritziekin. Iritzi guztiek dute lekua gure irratian. Bestalde, Bizkaiko ikuspuntua sartzen saiatzen gara beti, kontuan hartuta gure entzule gehientsuenak bizkaitarrak direla.
KOMUNIKAZIOA. «Etxeko tratua dugu entzuleekin; urteurrena haiekin ospatuko dugu»
Hogei urte beteko ditu bihar Bizkaia Irratiak. Jabier Onaindiak duela hilabete bat hartu zuen irratiko zuzendari kargua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu