Bihar hasiko da, Cannesen, telebistaren inguruan nazioartean egiten den azoka garrantzitsuenetakoa: MIPCOM. Hilaren 8a bitartean, Euskal Herriko zortzi ekoizpen etxe izango dira azokan. Aurreko hiru urteetan bezala, Basque Audiovisual markapean joango dira. Eiken klusterrak antolatutakoa da marka hori, eta haren eginkizun nagusia enpresen eta erosle potentzialen arteko harremanak bideratzea izango da.
Hala, astearterako matchmaking izeneko ekitaldia antolatu dute euskal enpresen erakusmahaian. Euskal Herriko ekoizpen etxeen edukiak ezagutarazteko balioko du ekitaldi horrek. Honako hauek dira Cannesen bilduko diren euskal ordezkariak: 3Koma, Baleuko, Expressive, Mediabask, Pausoka, Silverspace, Somuga eta Sonora. Eiken klusterreko partaide da ETB ere, eta Cannesen izango da bera ere.
Basque Audiovisual marka Palais des Festivalseko 13.05 stand-ean egongo da, eta ikus-entzunezkoen teknologia erabiliko du bere enpresen produktuak erakusteko. Gainera, katalogo komertzial bat ere eskainiko dute Internet bidez (www.basqueaudiovisual. com). Tresna eraginkorra izango da hartu-emanak bideratzeko eta azokak iraun bitartean bezero eta laguntzaileekin hitzorduak egiteko.
Redford eta Sundance katea
102 herrialdetako 12.000 profesionaletik gora bilduko dira datorren astean Cannesko azokan. Izarren artean garrantzitsuena Robert Redford izango da. Europan urtea beteko du Sundance Channel kateak, eta hori promozionatuko du Redfordek MIPCOMen. Bestetik, AEBetako Mad Men eta Running Wilde telesail arrakastatsuak aurkeztuko dituzte.
KOMUNIKAZIOA. Euskal Herriko zortzi ekoizpen etxe Cannesko MIPCOM azokan
Astearterako ekitaldi bat antolatu dute, Basque Audiovisual markako enpresen edukiak ezagutarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu