Facebook taldeak egiteko aukera eskaintzen hasi da. Horrekin, komunitateak sortzeko ahaleginean sartu da buru-belarri. Azaleko eztabaidek ez baitute komunitate batek behar duen elkarrizketa sortzen.
Orain arte sasielkarrizketa bateratu bat izan da Facebook. Batez ere, lotura arinak gogorragoekin nahasten ziren espazio batean. Orain eztabaida hori era zuzendu batean taldeka eta esparruka egiteko aukera ematen du Facebookek. Baina nahikoa da hori komunitateak egituratzeko?
Facebookek batez ere gure iraganarekin lotzen gaitu. Informazio truke azkarra lortzen du, eta informazio hori gure sare sozialeko pertsonen artean azkar komunikatzea. Aldi berean, komunitate bat eraikitzeko konpromiso bat behar da, eta Facebooken eskatzen diren konpromisoek atxikimendu maila bakarrik dute. Ekitaldi batera joango zarela esan, gustatzen zaizula adierazi, eztabaidagai bati erantzun labur bat eman... Eskatzen den konpromisoa txikia da; beraz, pertsona horrek komunitate horrekin izango duen atxikimendua ere txikia izan daiteke.
Malcolm Gladwellek, New Yorker aldizkariko idazleak, adierazi du eraldaketa bilatzen duten mugimenduek ez dutela eraldaketa hori sare sozialen tresnen bidez gauzatuko. Argi dago, hemen aspaldi aipatu dugu; tresnek ez diote automatikoki ematen masa kritiko bati agenda soziala baldintzatzeko gaitasuna. Masa kritiko hori eskuratzen lagundu dezakete, baina ondoren tresna horiek edo propioak bereganatu dituzten komunitate errealek eraman beharko dute aurrera esparru guztietan, baina kalean batez ere. Hala ere, garai hauek defini ditzakeen grabitazio zentralizatzailearen indarra hor dago. Oso arriskutsua eraldaketa bilatzen duten mugimenduentzat. Facebook bezalako tresna zentralizatu bat beti egongo baita eraldatu nahi den boterearen eskuetan. Gertuko adibide bat: Arnaldo Otegiren Facebookeko orrialdea hiru aldiz itxi dute jada.
Ezin uka tresna horiek oso indartsuak direla, batez ere komunikatzeko garaian. Nahiz eta orain komunitateak elkarlanean aritzeko tresnak eskaini, tranpa moduko bat ere izan daitezke. Tresna horiek erabili, baina paraleloan tresna propioak garatu. Baina, batez ere, konpromisoan oinarritutako komunitate errealak osatu. Mugimendu errealak ez baitira inoiz definitu, orain pentsarazi nahi diguten moduan, erabili dituzten tresnen bidez.
KOMUNIKAZIOA. Facebook eta eraldaketa soziala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu