Hego Euskal Herrian askok ezagutuko ez badute ere, idazle arrakastatsua da Frederic Beigbeder. Haren hitzak ez dira hutsalak izaten telebistan agertzen denean. Kultur iruzkin zorrotzak egiten azaltzen da tarteka, bai literarioak, bai zinemaren ingurukoak. Eta gaur arratsaldean batik bat literaturaz mintzatuko da ETB1eko Sautrela saioan, 15:15ean. Bere bizitzaz ere naturaltasunez ariko da.
Euskal Herriarekin badu lotura Beigbederrek. Txiki-txikitatik Getarian (Lapurdi) pasatzen ditu udak, «bertakoa sentitzeraino». Eta Getarian bertan egin zion elkarrizketa Hasier Etxeberriak. Udatiarren gisara, jantzi nasaiekin ibiltzen da, espartinak jantzita, azala beltz, beti itsasora begira. Idazten ez ezik, tenisean jokatzen edo surfean ere ematen ditu Getariako udako egunak. Baita Paris aldeko bisitariak hartzen ere. Aurten, adibidez, Michel Houellebecq idazlea izan du etxean.
«Familia on» bateko semea da Beigdaber. Guraso aberatsak ditu, kulturaren inguuan kezkatuak. Semea gizon nabarmena izatea nahi zuten, eliteko, baina semea bihurri atera zitzaien, eta lagunekin antolatzen dituen festetan egindako zaratagatik da ezagun. Horixe kontatu du idazleak Un roman français liburuan: bere sendiarentzat txikiena izan den desastrea.
Beigbederrek lehen arrakasta 99 francs liburuarekin lortu zuen. Bertan, publizitate munduko «zikinkeriez» idatzi zuen. Eta Frantzian hautsak harrotu zituen. Hain izan zen handia iskanbila, lantokitik bota baitzuten. Baina ez zion kalte handirik egin: hantxe hasi zen haren ibilbidea.
Sautrela-ko kideen arabera, «etxeko eta gertuko» agertuko da idazlea elkarrizketan. Saioa amaitzeko, haur garaian mezetan ikasitako euskarazko kanta bat abestera ausartuko da.
KOMUNIKAZIOA. Frederic Beigbederrekin solasean gaur 'Sautrela'-n
Hasier Etxeberriak elkarrizketa mamitsua egin zion Parisen jaiotako idazle eta kritikari horri, Getarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu