KOMUNIKAZIOA. «Gaurko telebistan 'prime time'-an saio bat izatea oso susmagarria da»

Energia berriztagarrien inguruko saioa du adituak Euskadi Irratian, astelehen gauetan. Energiaren gaiak ingurumenean, ekonomian eta politikan duen eragina aztertzen du.

Edu Lartzanguren.
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Jokin Aldazabal (Larraul, Gipuzkoa, 1956) apaiza izateko bidean zen gaztetan, «etxean dirurik ez zegoelako», baina, azkenean, filologia eta kazetaritza ikasi zuen. Energia alternatiboetan aditua da, eta Ekoesfera saioa egiten du Euskadi Irratian, astelehenero, 21:30ean.

Nondik datorkizu energiarekiko interesa?

Beti liluratu nau energiaren munduak. Gaur energia berriztagarriak esaten dugu, baina garai batean energia libreak esamoldea erabiltzen genuen. Energia horietaz nola baliatu interesatu zait beti. Neure etxean eguzki indarra, biomasa eta indar geotermikoa erabiltzen ditut. Azkena ez da erabat berriztagarria, noski, baina oso eraginkorra da. Lurraren azpiko berotasuna ateratzen du, 60 zentimetroko sakoneratik. Hori bero-ponpa baten bidez ateratzeko erabiltzen duzun energia unitate bakoitzeko, hiru berotasun unitate lortzen dituzu. Euskal Herrian sekulako aukera dago oraindik horretaz baliatzeko.

Besteak beste, horren berri zabaltzeko sortu duzu 'Ekoesfera'?

Euskadi Irratiko zuzendaritzak jakin zuen nik banuela horren inguruko ezagutza, eta saioa egitea proposatu zidaten. Ekologia eta energia dira ardatzak. Hedabideetan informatu behar duzu, eta entretenitu, baina ikusten dut gaian gero eta gehiago sakondu, orduan eta mezu larriagoa ateratzen dela. Ez da oso zuzena gaur mezu larriak ozen aireratzea, baina presa dugu, planetak oihukatzen digulako horrela oso gutxi iraungo dugula lurrazalean. Zientzialarien datuetan oinarritzen gara gauzak esateko. Horien eta herritarren artekariak gara saioan. Ni ez naiz telepredikatzailea.

Nola aukeratzen dituzu gaiak eta gonbidatuak?

Alor bakoitzeko adituak ekartzen ditugu, unibertsitatetik, edo teknikariak. Baita energia instalazioen inguruan esperientzia handia duen jendea.

Astelehen gauean jarri zaituzte, gaurkotasun handiko gaia izan arren. Baztertuta sentitzen zarete?

Ez. Oso ordu egokia da halako gauza baterako. Gaur saio bat prime time-an izatea oso susmagarria da, horretarako eman behar duzulako jendeak eskatzen duena. Gaur hedabideetan eta, batez ere, telebistan ematen dutena ez da oso ohorezkoa.

Zein helburu duzue saioan?

Jendeari ekologiaz, energiaz eta horien ondorio ekonomikoez pixka bat jabetzen lagunduz gero, pozik egongo ginateke.

Duela hogei urte politikariek Superportu esango zuten harro. Gaur, berriz, egitasmo berari ekoportu esaten diote erdi lotsaturik. Asimilatuta dago ekologismoaren diskurtsoa?

Bereganatu dute diskurtsoa, baina ez dut uste politikariek barneratu dutenik ingurumenaren arazoa. Baina, erne!, ezta herritarrok ere. Hegalpean ezkutatzen dugu geure erantzukizuna.

Azken boladan auto elektrikoaz ari zaizkigu eta, orain, bizikleta elektrikoaz. Hori ez al da kutsadura toki batetik bestera eramatea?

Bai eta ez. Auto elektrikoa termikoa, hau da, gasolinaz dabilena baino askoz efizienteagoa da. Beraz, ongi etorri, aurrerapauso bat delako. Halere, askoz eraginkorragoa izanda ere, nekez justifikatzen da gaurko mugikortasun sistema. Horrek ezin du iraun.

Zer gai dituzue gordeta datozen asteotarako?

Azken belaunaldiko intsektuen kontrako teknologiak aztertuko ditugu, esaterako. Tenperatura txikiko energia geotermikoaz ere arituko gara, EHUn egin behar dituzten jardunaldi batzuren harira. Deshazkundearen ekonomia eskolari eman nahi diogu tartea, ekologian eta energian eragin handia duelako. Ingurumen eta energiarekin kezkatuta bagaude, horrek eragina du ekonomian, eta, beraz, politikan. Dena bat da. Energia gara eta energiak mugitzen gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.