Brasilgo Santa Catarinako Unibertsitate Federaleko irakaslea da Elias Machado. Poscom- UFBAko ikerlaria da 1993. urtetik, eta hainbat hedabiderentzat aritzen da lanean Brasilen, Espainian eta Portugalen.
Sormenaz eta berrikuntzaz hitz egin duzu Leioan, ziberkazetaritzari buruzko jardunaldietan. Zein da tesia?
Ezberdindu egin behar da batetik hedabide tradizionalek berrikuntza teknologikoak nola jorratzen dituzten eta bestetik berrikuntza bera hedabideetan nola jorratzen duten. Iruditzen zait hedabide tradizionalak gizarteko berrikuntzen atzetik doazela eta ez direla asmatzen ari adibidez sare sozialetan dauden mugimenduak harrapatzen. Edukiak ere ez dituzte egoki lantzen. Unibertsitatean ere, kazetaritza fakultateetan gizartearen pausoen atzetik doaz.
Irudimen gutxi dago hedabide handietan Interneten edukiak lantzeko orduan?
Oro har, sormen eta irudimen gutxi dago, bai. Baina egon badaude salbuespenak, eta batzuk ari dira esperientzia interesgarriekin saiatzen. Esperientzia horiek, ordea, bakanak dira. Ez dago hedabideen ikuspuntu bateratu bat eta proiektu sendo bat sareari begira.
Zein izan daiteke adibide interesgarri horietako bat?
Reuters agentziak daukan modeloa oso interesgarria da. Ez dago publizitatearen menpe, baizik eta kalitatezko zerbitzu batzuk eskaintzen dituzte, eta haren modeloa kontuan hartzekoa da. Zeharkako beste sarrerak dituzte.
Egunkari batzuek edizio digitala kobratzen hasteko hautua egin dute. Zein iritzi duzu erabaki horretaz?
Doakotasunaren aldekoa naiz. Baina, hala ere, ñabardura batzuk egin nahiko nituzke. Jendeak uste du Interneten dena dela doakoa, baina hori gezur handi bat da. Izan ere, Interneteko konexioa izateko ordenadorea erosi behar duzu, telefonia operadore batekin kontratu bat ordaindu behar duzu eta, argindarra ordaintzeko, beste hainbeste. Horrenbestez, erabiltzailea dagoeneko ordainketa batzuk egiten ari da aldez aurretik. Bestalde, hedabide tradizionalen negozio modeloa ia beti publizitateari lotuta egon da. Horrek arriskuak ditu, eta zeharkako beste iturri batzuetan pentsatu beharko lukete.
Interneteko publizitatea asko aldatu eta haziko da datozen urteetan?
Argi dago baietz. Publizitate modu asko egongo dira Interneten. Baina, hala ere, hedabideek kontuan hartu beharko dute publizitatetik bakarrik ezingo dutela aurrera egin. Google eta Google Newsen adibidea kontuan hartzeko modukoa da, Interneten negozioa egiten asmatu baitute. Egun, nazioarteko enpresa indartsuenetako bat da.
Zer iritzi duzu Wikileaks proiektuaz?
Sormen handiko proiektua da. Alde batetik, hedabide tradizionalek eskaintzen ez dituzten agiri eta eduki ugari ematen ari dira argitara. Beste alde batetik, komunikabideak eta egungo kazetaritza bera jartzen ari dira auzitan.
Munduan Wikileaksen estiloko proiektu gehiago sortuko direla iruditzen zaizu?
Esango nuke baietz. Wikileaksekoek egiten dutena oso interesgarria da. Munduan barna badira tankerako beste gune batzuk eta halakoak gehiago jaioko direla esango nuke.
Brasilgo egoera berezia da komunikazioari dagokionez. Zer ari da gertatzen azken urteetan?
Mendebaldeko Europan eta Ipar Amerikan paperezko egunkarien ale salmentak beheraka egin du. Brasilen, ordea, gero eta egunkari gehiago ari dira saltzen, batez ere herritar gehiago hasi direlako egunkariak irakurtzen. Edonola ere, oraindik eguneroko egunkari aleen kopurua txikia da. Bestalde, sakelako telefonoen negozioa dago. 190 milioi biztanle daude Brasilen, eta, biztanle bakoitzeko, telefono bat. Gero eta gehiago dira hirugarren belaunaldiko telefonoak, eta hor negozio handia aurki dezakete konpainiek.
KOMUNIKAZIOA. «Hedabideak eta unibertsitate mundua gizartearen atzetik doaz»
Hedabideek berrikuntzetara moldatzen ez dutela asmatzen iruditzen zaio Machadori. Sormen handiko salbuespenak badaudela iruditzen zaio, ordea; tartean, Reuters eta Wikileaks.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu