KOMUNIKAZIOA. «Huts larria izan zen Ibarretxeri elkarrizketa egitea debekatzea»

Eliza katolikoaren informazio gune nagusian 20 urtez izaniko bizipen, gatazka eta zentsura kasuak kontatu ditu jesuitak liburu batean.

Edu Lartzanguren.
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ignazio Arregi Zendoia (Oñati, Gipuzkoa, 1931) jesuita eta kazetaria da. Loiola Irratiaren sortzaileetako bat izan zen, eta haren zuzendaria. Vatikano Irratian 1986. urtean hasi zen lanean, eta, 20 urtez, haren informazio zerbitzu zentralen burua izan zen.

Urte askotako bizipenak bildu dituzu Alberdaniak argitaraturiko liburuan: Eta orain, zer?. Zergatik izenburu hori?

Eskatu egin zidaten liburua idazteko, kazetari eta jesuita gisa izan dudan esperientzia ikusita. Bizi dudan garaia aztertu eta kontatu egin behar nuen, hortik zein ondorio atera zitekeen ikusteko. Izenburua zergatik? Denok bizi garelako galdu samar, hainbeste arazo gure aurrean ikusita. Nahiko lan dugu jakiteko gaurko krisiak gure bizimoduan zer eragina izango duen. Ingurumena, klima aldaketa, nazioarteko harremanak... Noiz lortuko dugu hainbat nazio handiren atzerapena zuzentzea? Batez ere gosea pairatzen duten mila milioi pertsonen egoera? Kezkatuta nago, gaurko krisiak konponbidea atzeratzea litekeena delako. Elizaren krisia ere, funtsezkoa da, ez azalekoa. Barne azterketa bat eskatzen du horrek.

Vatikanoan euskalduna izatea ez dela erraza diozu liburuan. Zergatik?

Vatikanoak beti onartu ditu, berehala, gutxiengo etnikoen eskubideak, baina hori indarraren bidez errebindikatzea ez du begi onez ikusten. Euskaldunonganako ezinikusia zabaldu da azken urteotan, oso muturrekoak, fanatikoak eta indarkeriaren aldekoak garelakoan.

Baina Euskal Herriko gatazka bide baketsuetatik eramateko ahaleginak hasi direnean, Vatikanoa ez al da izendatzen ari eskubide horiekin oso ulerkor ez diren apezpikuak?

Horretaz ezer gutxi daukat esateko. Vatikanoan bizita ere, oso zaila da jakitea zeintzuk diren Elizaren gobernuaren asmoak eta gotzainen inguruko joera. Iruditzen zait, azken izendapenak ikusita, ondorioztatu daitekeela hemen zerbait aldatu nahi dutela. Baina nondik dator aldaketa? Madrilgo Gotzain Konferentziatik, ala Vatikanotik? Halako aldaketa erabaki handia da, eta, normalean, Vatikanoak lagundu duela esango nuke. Baina hauek susmoak dira.

Liburuan kontatzen duzu Ibarretxe lehendakariari elkarrizketa egitea debekatu egin zizutela 2000. urtean.

Debekua goitik etorri zen. Huts handia iruditu zitzaidan. Dena onartuta zegoen aurretik, eta baimen guztiak nituen. Galderak Gasteizera bezala, Vatikano Irratiko zuzendariari bidali nizkion, eta onartu zituzten. Debekua azken unean heldu zen, Vatikanoko kuriaren barrutik. Nire ustez, Carlos Abella Espainiako enbaxadoreak egin zituen ahaleginak debekua lortzeko, nahiz eta hark ukatu duen hori liburu batean. Nork orduan? Espainiako nuntzioak? Ez dakit.

Halere, 13 urte lehenago, Txomin Iturbe ETAko buruzagiaren heriotzari buruzko erreportaje batekin ere arazoak izan zenituen.

Arazoa ez nuen izan Vatikanoarekin, ordea, baizik eta COPE irratiarekin. Iskanbila handia sortu zuten, gezurretan oinarrituta. Zorionez, testua inprimatuta zegoen, denek aztertzeko moduan, hor gaitzesteko ezer ez zegoela ikusteko.

Argazki batean agertzen zara, Loiola Herri Irratiaren sorrera garaian. Irratia saldu behar izan diote aurten Noticias taldeari. Zer iruditu zaizu?

Pena handia eman dit, baina aspalditik zetorren kontua. Ez zen bideragarria ekonomia aldetik jesuitentzat. Halere, erosteko lehiaketa egin zen, eta aztertu zen nork beteko zituen ondoena gure asmoak eta baldintzak. Baldintza onenak betetzen zituenari eman zioten gure irratia.

Euskarak bazuen tokia Herri Irratian. Orain saio bakarra dago euskaraz haren ordezko Onda Vascan.

Ez nuke nahi oraingo nagusiak epaitzea; ez dagokit niri hori egitea. Gureak egin du: orain beste batzuk datoz.

Euskal Herrian bizi zara azken sei urteotan. Vatikano minik al duzu?

Bai. Profesional moduan, alde batetik. Munduko irratirik handienetakoa da hura, eta nazioartekoa: 40 hizkuntzatan egiten da han. Interesgarria da han lan egitea. Erroma, gainera, hiri maitagarria da, eta munduko ederrenetako bat.

Vatikanoko L'Osservatore Romano egunkari ofizialak esan berri du Homer Simpson telebistako pertsonaia «katoliko prestua» dela. Eredu ona iruditzen zaizu kristauentzat?

Entzun ditut iritziak horren inguruan, baina ez dut ezagutzen saio hori. Oso gutxi ikusten dut telebista; nahiago dut informazioa Interneten bilatu. Internetek aukera gehiago ematen dit nik nahi dudana bilatzeko, beste batzuek niretzat erabaki dutena ikusi beharrean. 79 urte ditut, eta nire independentzia nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.