KOMUNIKAZIOA. Ipuinak eta xehetasunak

Jokin Labaien.
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Abian jarriko zutela irakurri nuenean berritzailea iruditu zitzaidan. Desberdina da, behinik behin; bitxia eta erakargarria. Duela egun batzuk jarri zuten martxan, eta abenduaren 3a bitartean, Arratsaldero saioaren amaieran emango dute, ETB1en. Saioak Kontalaria izena du, eta egunero ipuin bat eskainiko digu. Euskal herritar anonimoek jartzen dizkiote ipuinari ahotsa eta aurpegia, aldiro hiruzpalauk. Bakoitzak bere hizkera, euskalkia, tonua eta erritmoa dauzka.

Hainbat helburu ditu ekimenak: euskara sustatzea, ahozkotasuna eta sormena lantzea, mintzaira desberdinekin gozatzeko aukera izatea, euskararen erabilerari balioa eta indarra ematea, ipuinak modu arin eta ikusgarrian eskaintzea...

Saio orok bezala, alde ilunak eta argiak dauzka. Helburuei begira, bistakoa da zein diren saioaren argiuneak. Ukaezina da euskarari, ahozkotasunari eta sormenari hauspoa ematea beharrezkoak direla gaur egun. Atzoko eta gaurko belaunaldietako kideok izua diogu askotan orrialde hutsari. Blokeatu egiten gaitu egoerak. Behin, zer kontatua izanda ere, gabezia handia da azalpenak ematerakoan. Irakurtzera gaude ohituak, ez kontatzera; transmititzera baino gehiago, ematera. Oraingoan, bakoitzak bere egin behar du testua, eta kamerari begietara begira kontatu. Paperik gabe eta bere hitzez, norbere hitzez eta doinuz. Hutsunea areagotu egiten da euskaraz ari bagara. Beraz, ez da abiapuntu txarra.

Baina dena ez da arrosa. Hiru minutu, hori da hainbeste helburu gauzatzeko egunean hartuko den tartea. Motz geratuko delakoan nago. Motz egunero, eta motz egutegian. Hobe litzateke Euskararen Egunera bitartekoa proba gisa hartu, eta aurrerantzean ideia berriak garatzen joatea. Gainera, ikusi ditudan hiru saioek aho zapore bera utzi didate. Tristura ez, baina tristuratik gertu dagoen sentipen ukitua, hain zuzen. Plano bakarrean, sofa, kontalaria eserita eta atzeko gortina goibela. Ez dut irudien beharrik sentitzen, aski zait hitz hutsa, biluztasun hori. Dena den, biluztasuna girotu egin daitekeela iruditzen zait. Atzealdea, argiaren intentsitatea, hautatutako planoa... horiek mima daitezke gehiago, goxotasuna emateko, kontalariari zein ikus-entzuleei.

Inoiz baino gehiago, xehetasunak dira sofan eseri eta ipuinen mundura iristeko lagungarriak izan daitezkeenak. Egunero, hiru minutu luzez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.