KOMUNIKAZIOA. «Itxaropen handiak ditugun prozesu batean dago ezker abertzalea»

Javier Vizcaino Onda Vascara joan ostean, Cachok hartu du 'Más que palabras' magazinea gidatzeko ardura. Larunbat eta igandetan aritzen da bost orduz, 08:00etatik 13:00etara.

urtzi urkizu
Donostia
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Hamazazpi urtez Radio Euskadin aritu ostean, 2007an Punto Radiora joan zen Almudena Cacho. Radio Euskadira gogo biziz itzuli da. Segovian jaio zen arren, Barakaldon hazi zen 4 urte zituenetik.

Ez al dizu penarik eman Punto Radio uzteak?

Bai. Radio Euskadi utzi eta Punto Radiora joateak pena eman zidan bezala. Nahiz eta mugitzean batek hobetzeko ideia duen, aldaketek galerak ekartzen dituzte.

Zer moduz daramazu asteburuetan lan egitea?

Pixkanaka, ohitzen ari naiz. Aldrebes bizi zara, gauez lan egiten duzunean bezala. Radio Euskadin duela hogei urte hasi nintzenean asteburuetan aritzen nintzen, eta orain berriro itzuli naiz asteburuetara. Zirkulu baten modukoa da.

Zer filosofia eman nahi diozu Más que palabras magazineari?

Irratian beti mugiarazi nauen filosofia bera: programa interesgarri bat egitea, nortasun bereziko ukituarekin. Istorioak kontatu nahi ditut premisa horiei jarraituz. Saioan kolaboratzaile berri asko ere baditugu.

Radio Euskadiko saio asko iTunes-en entzuten dira. Zer diozu irratiaren eta Interneten arteko harremanaz?

Harreman osagarri eta beharrezkoa da. Duela egun batzuk kanpoan izan nintzen, eta Dani Alvarezen Boulevard Internetez entzun nuen. Antenen mugarik gabe, sareko edozein kate entzuteko aukera ematen duten aparailuak merkaturatzen direnean, irratiaren mundua are gehiago aldatuko da.

Duela urtebete, EITBren aurreko zuzendaritzaren betoen inguruko erreportaje bat egin genuen. Esan ziguten zuk betoa jasan zenuela zuzendaritzaren ideologiarekin bat ez egiteagatik. Horrela al da?

Ez da nire ohitura zuzendaritzak kritikatzea. Ez oraingoak ez aurrekoak.

Xabier Lasa irrati kritikariak honako hau idatzi zuen duela bi aste: «Joseba Egibarri Cachok erantzun zion ez zuela debekurik legez kanpoko ezker abertzaleko ordezkaririk elkarrizketatzeko».

Bai, horrela da. Niri ez dit inork ezer debekatu.

Orduan zergatik ez duzue Rufi Etxeberria elkarrizketatu, etengabe ezker abertzaleaz hitz egiten baduzu?

Egia da ezker abertzaleaz asko hitz egiten dugula. Itxaropen handiak ditugun prozesu batean murgilduta dago. Baina oraindik legez kanpoko alderdi bat da, eta irrati publiko honen ildo editoriala ez dute langileek ezartzen. Administrazio kontseiluak erantzun beharko lioke galdera horri. Beti izan da horrela, gobernu guztiekin.

Jone Goirizelaiak irratian bertan esan zuen ezker abertzaleari hitza ukatzen zaiola.

Ausartuko nintzateke esatera Jone Goirizelaiak eta haren kideez gain, jende askok nahi duela ezker abertzaleak hedabideetan beste alderdien tratamendu bera izatea.

Hedabide publikoetan politikak pisu gutxiago izango al du noizbait?

Entzuleek normalizazio bat eskertuko lukete, eta politikaren pisua disolbatzea. Beste leku batzuetan politika ez dago hain presente. Iruditzen zait jendea nekatzen ari dela politikarekin.

Zer gustatuko litzaizuke irratian egitea orain arte egin ez duzuna?

Futbola izan ezik denetarik egin dut, eta hori ez nuke ondo egingo. Jendearen istorioak gustatzen zaizkit, jende normalaren istorioak, alegia. Irratia bizitza bera da, oso sensiblea da. Beste bizitza batean ere aukeratuko nuke.

Zeintzuk dira zure irrati esatari gustukoenak?

Niretzat, Iñaki Gabilondo komunikatzaile handi bat izan da, eskola sortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.