Ez diot neure buruari zilegitasun hori eman nahi. Beraz, ez diot emango. Hau da, ez dut inoren sufrimenduaz trufarik egin nahi. Beraz, ez dut egingo. Hala ere, zer pentsatua eman zidan astearte gauean ETB2ko Aconcagua, la aventura saioan ikusitakoak. Angel izeneko lehiakideak hasi berri den edizioa nola utzi behar izan zuen ikusi nuen igandeko emanaldian. Osasun arazoak izan ziren etxera itzularazi zutenak. Hiru mila metrotik gora ezarritako kanpalekuan tentsio altuegia zuen. Bertako medikuen eta abenturako kideen aholkuz hartu zuen erabakia. Handik gora jarraituz gero, bere bizitza arriskuan jarriko lukeela eman zioten aditzera. Minez eta malkoz hartu zuen erabakia aurrena, eta helikopteroa ondoren.
Ulertzen ditut haren mina eta malkoak. Nik ere, gogoa zerbaiti buru-belarri eskaintzean, handituta bizi ohi ditut eragiten dizkidan sentipenak. Gran Hermano famatua sortu zenetik, maiz entzun izan dut etxe hartan, eta haren antzeko formatua dutenetan, sentimenduak biderkatu egiten direla. Hala erakusten digute horietatik igaro diren guztiek.
Baina behin platoan, asteak joandakoan, batzuei eta besteei saioaren funtsa zein den ahaztu zaiela iruditzen zait. Oker ez banago, Aconcagua gailurrerako espedizio hori El conquistador del fin del mundo saioaren molde berria da. Aurrekoak bezala, oraingoa ere lehia gisa aurkeztu ziguten, desberdintasunak desberdintasun. Eta lehiak lehiakideak behar ditu. Eta ahalegin fisikoan oinarritzen den lehian arazo fisikoek inor etxera bidaltzea normala dela esango nuke. Ez da harritzekoa, inondik inora. Joko arauen parte da. Hala behar luke.
Iñaki Lopez debateko aurkezleak, baina, Angeli gertatu zitzaionari «saioko unerik dramatikoena» deitu zion. Tentsiozko musikak lagunduta, luzaz aritu ziren «drama» horri eragiten. Behin eta berriz, irudi eta hitz hunkigarrienak errepikatu zituzten. Etengabe galdetzen zioten sufrimendu hari buruz. Haren emaztea ere han zen, etxean nola bizi izan zuten azaltzeko. Aurkezleak berak platoa «malkoen itsaso» bihurtu nahi ez zuela esan arren, sahiestezina zen giro hartan.
Hain zuzen, lehiaren izenean, saioko arduradunek erlatibizatu behar lukete gertatutakoa. Garrantzia kenduz ez bada, behintzat, gehiago ez emanda. Haiek dira, haien segurtasuna lehenetsiz, lehiakiderik arriskuan jarriko ez dutenak. Ziur naiz.
KOMUNIKAZIOA. Joko arauak eta haien arriskuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu