KOMUNIKAZIOA. «Kontratua luzatu digute, ekaina arte; hori seinale ona izango da»

Rokeren pertsonaia jokatzen du Ander Lipusek 'Martina' gazteentzako saioan. Martinaren antagonista modukoa da Roke.

URTZI URKIZU / DONOSTIA
2009ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Antzerki munduan buru-belarri dabil Ander Lipus (Markina, Bizkaia, 1971). Orio ekoiztetxearen bitartez, ordea, telebistan ari da aurreneko aldiz. Martina-ren lehen emanaldia astelehenetan izan da orain arte, 21:00etan. Datorren astetik aurrera ostegunetan emango dute.

Nor eta nolakoa da Roke, Martina -n jokatzen duzun pertsonaia?

Saioko protagonista eta heroina Martina da, estetika markatu batekin. Roke antagonista da, Martinaren mundu imaginarioari kontrapuntua ematen diona. Bestetik, Roke erdi maiteminduta dago Martinarekin. Zerotik hasi ginen, eta atalak egin ahala deskubritzen joan gara Roke. Pailazo edo clown puntua ere nabari zaio.

Sormenezko elkarrizketak egiten ditu Rokek, zuk zeuk antzeztutako pertsonaiekin. Lan polita da hori, ezta?

Bai, aktore modura oso aberatsa eta esker onekoa da. Ahal dela topikoetan ez erortzen saiatzen gara pertsonaiekin. Jainkoa zen egin nuen aurrenekoa. Yetiarena asko gustatu zitzaidan, makillaje brutala jarri zidaten. Anbotoko Marirena egiten ere oso ondo pasatu nuen. Martinarena egitea polita izan zen. Orain Teoren pertsonaia ari naiz entsaiatzen.

Miren Gaztañagak jokatzen duen Martina pertsonaia komiki batetik aterata dago.

Bai, AEBetako komiki batena da. Proiektua aurkeztu zidatenetan, ikusi genuen Martina berezia zela. Orio ekoiztetxean argi zuten nik izan behar nuela Roke. Miren Gaztañagarekin lan asko egin dut antzerkian, eta iruditzen zait garrantzitsua dela, pertsonaien artean feeling-a egoteko.

Roke eta Martinaren arteko elkarrizketek zer bilatzen dute?

Aurreneko programetatik hona erritmoan irabazi dugu. Eta hori elkarrizketetan ere ikusten da. Atal bakoitza gai baten ingurukoa da. Gaia ikuspuntu askotatik ikustea gauza polita da, eta elkarrizketa surrealistak hortik doaz. Gidoietan Jon Maiaren luma ere ikusten da, onerako. Batzuetan oso poetikoak dira elkarrizketak. Martinak egiten duen albistegia ere asko gustatzen zait.

Programaren bideoetan ere nabari da kalitate artistiko bat.

Bai, lan talde gaztea gara. Ondo konpontzen gara, talde txikia garelako. Antzerkian lan erritmo oso indartsuan ibiltzen naiz, eta etxean txirritxo bat erretzen dut Martina ikusteko. Horrela oso gustura ikusten dut. Guraso askok esan didate euren 6-9 urte bitarteko haurrek saioa ikusten dutela. Hasieran bagenuen La bola de cristal-en erreferentzia. Badirudi haur askok ikusten dutela saioa, nahiz eta edukiak ez ulertu.

Gazteentzako saioa da berez, baina edonork ikus dezake, ezta?

Bai, gure garaiko punkak eta hippyak ere azaldu izan dira bideo batzuetan. Gure belaunaldiko ikonoak dira, eta belaunaldi horretako ikusleentzat aproposa iruditzen zait saioa.

ETBren aldetik jaso al duzue programaren baloraziorik?

Badakit ETB3n ekoizpena daramatenak kontent daudela. Horren seinale argiena da hasiera batean 12 atal egin behar genituela, abendu amaiera arte. Kontratua luzatu digute, ekaina arte. Hori seinale ona izango da.

Antzerki munduko pertsona zara. Martina-rena zerbait puntuala da ala telebistan gauza gehiago egiten ikusten duzu zeure burua?

Ez dakit. Proiektuak une aproposean hartu nau, jende aproposarekin. Argi daukat proiektuek erakarri egin behar nautela. Askoz gehiago egiten dut antzerkia, eta hala egingo dut etorkizunean. Batek daki etorkizunean telebistan jarraituko dudan. Egia da gustura nagoela telebistan, eta alde ederra dagoela kobratzeko orduan.

ETBn antzerkiak oso-oso presentzia eskasa du. Zer iritzi duzu?

Egia esan askoz antzerki gehiago eman beharko lukete. EITB Kultura saioan badu presentzia antzerkiak, baina sentiberatasun handiagoa erakutsi beharko lukete. Albistegietan kirolek tarte zabala dute, eta kulturarena oso txikia da. Artistok ere badugu erru pixka bat, eta Hau da komeria bezalako saio bat bultzatu beharko genuke.

Telebista ikusle modura, zer gustatzen zaizu?

Dokumentalak asko gustatzen zaizkit. Baina orain ETB2ko El Conquistador del Fin del Mundo lehiaketarekin harrapatuta nago, Kortak grazia handia egiten dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.