Lau telebista kateko eskaintza izango du astelehenetik aurrera La Sextak LTD bidez, doan. Aurreneko kate orotarikoak lehen bezala jarraituko du. La Sexta2 duela aste batzuk jarri zuten martxan, baina guztiz aldatu egingo da, eta hemendik aurrera, «errealitateari» eskainiko diote. Hau da, gaurkotasuneko saioak, erreportajeak eta dokumentalak emango dituzte, entretenimendu programekin batera. La Sexta3 katean, fikziozko kontuak emango dituzte: filmak, telesailak eta telenobelak. Laugarren katea La SextaHD izango da, goi bereizmeneko emanaldiekin. Hain zuzen, goi bereizmeneko telebista izan da proiektuaren helburuetako bat bere hastapenetatik.
Jose Miguel Contreras La Sextako kontseilari ordezkariak enpresaren eskaintza aurkeztu du: «Kate guztien diseinuarekin, La Sextaren historiako bigarren fasea hasiko dugu. Hain zuzen ere, publiko berrietara iritsiko den eskaintza zabalago bat egingo dugu, baina La Sextaren nortasun ezaugarri berekin: entretenitua, berritzailea eta konprometitua».
La Sextak 2006ko udaberrian hasi zituen emanaldiak Hego Euskal Herrian. Akziodunen artean Televisa, Gala Capital, BBK eta GAMP Audiovisualeko ekoiztetxeak daude. Globomedia, Mediapro, El Terrat eta Bainet dira GAMP taldeko ekoizpen etxeak. Sortu eta hilabete gutxira, Alemaniako Munduko Koparen eskubideak lortu zituzten. Horri esker, ikus-entzunezko merkatuan bere lekua egiten joan ziren. Espainiako Lehen Mailako futbol partidak ere eman dituzte urteotan larunbat gauetan, ikusle datuetan aurrera eginez.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %7ko ikusle kuotaren inguruan dabil La Sexta. Futbolaz gain, 1 Formulako Munduko Txapelketarekin ere ikusle asko ari dira lortzen.
Metroren film klasikoak
La Sextak film sorta handi bat erosi dio Metro Goldwyn Mayer-i, bere hirugarren katerako. Hartara, zinemazaleek LaSexta3n film erakargarriekin gozatzeko aukera izango dute. Lehendik, James Bond, Rocky eta Robocopen sailak erosiak zituzten. Orain, honako zinemagile hauen lanak lortu dituzte: Martin Scorsese, Billy Wilder, Stanley Kubrick, Bernardo Bertolucci, Mel Gibson, Joel Coen eta John Huston. Woody Allen zuzendariaren hamar filmik onenak ere emango dituzte La Sexta3n; tartean, Annie Hall eta Manhattan. Zinema modernoaren klasikoen artean ikusi ahalko dira, besteak beste, Last Tango in Paris, The Apartment, Witness for the Prosecution, Fargo, Mississippi Burning eta Raging Bull.
Warner Brosen hainbat ekoizpen ere erosi zituen duela hilabete batzuk La Sextak.
Kirola goi bereizmenean
La Sextak bihartik aurrera hainbat kirol emanaldi goi bereizmenean (HD) eskainiko ditu. Gaur izango du estrainekoa, Bartzelona-Sevilla futbol partidarekin; lehendik hiru proba egin zituen udan, saskibaloi eta futbol partida batzuetan. Datorren astetik aurrera, berriz, Espainiako Ligako Lehen Mailako partida guztiak goi bereizmenean eskainiko dituzte. HDa duen telebista aparailua behar dira horiek ikusteko.
KOMUNIKAZIOA. La Sextak lau kateko eskaintza egingo du astelehenetik aurrera
LaSexta2k errealitatea jorratuko du, LaSexta3k fikzioa eta laugarren katea goi bereizmeneko emanaldiena izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu