KOMUNIKAZIOA. LABek eta EAJk onartezintzat jo dituzte ETBko zuzendariaren hitzak

Datozen egunetan EITBren Administrazio Kontseiluan emango du egoeraren berri Euzko Alderdi Jeltzaleak

urtzi urkizu
Donostia
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Ezker abertzalea eta EAJren muturreko sektoreak ETB sutan jartzen ari dira», esan zuen Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak astelehenean Vocento taldeko egunkari batean. Adierazpen horiei erantzuna eman diote EAJk eta LAB sindikatuak. EAJk «onartezin» jo ditu ETBko zuzendariak egin dituen adierazpenak. «Arreta desbideratzeko eta oraingo zuzendaritza taldeak Euskal Telebista publikoa zuzentzeko eta kudeatzeko duen osoko ezgaitasuna arrazoitzeko beharra baino ez dago halako adierazpenetan», dio EAJk.

Ezker abertzaleaz Idigorasek esandakoari erantzuna eman dio, bestetik, LABek.ETBn karguren bat duten «ezker abertzale erradikaleko» kideak zenbatzera eta aipatzera dei egin dio, bide batez. Ezker abertzaleko profesionalak albistegietako politika arloetatik «baztertuak» izan direla gogorarazi du sindikatu abertzaleak. «Telebistak soilik herriaren erdiarentzat emititzen zuela baieztatzen badu, gaur egun horraino ere ez dela iristen onartu beharko du, jendartearen zati handi baten bazterkeria dela eta», dio LABek. Bestetik, gogorarazi dute langileen babes oharrak ETBko zentroarteko batzorde osoak sinatu zuela; bertan, lau sindikatuak daude ordezkatuta (ELA, LAB, KLB eta CCOO), eta langileen ehuneko ehuna.

Idigorasek asteleheneko elkarrizketan, bestalde, honako hau adierazi zuen: «Legez kanpoko ezker abertzalearen diskurtsoa duen jendeak ez du lekurik ETBn». Hori dela eta, LABek salatu du gizartearen zati bati bozgorailua kentzeaz gain diskurtsoa bera eta ideia debekatzen direla.

EAJko BBBko presidente Andoni Ortuzarrek, berriz, honako hau esan du Idigorasen hitzen gainean: «Hain leku gutxian ezin dira txorakeria, baieztapen oker eta gezur gehiago esan. Gizon honek ahaztu du duela ez asko ETAk lehergailu bat jarri zuela EITBko egoitzan. Ahaztu du profesional askok, ni barne, ETAren mehatxu gutunak jasotzen genituela».

EITBko zuzendaritza kontseiluak herenegun gauean ohar bat eman zuen argitara, Miguel Angel Idigorasi babesa emateko. Bestalde, «ika-mika sortu zuen bideoa» Eitb.com-en jartzea erabaki du, «ikusleek edukia azter dezaten». Zuzendaritza kontseiluak, Idigorasen ildo bertsutik, hauxe dio: «EITBn borroka eta jazarpen politikoa egitea helburu izanik Euskal Irrati Publikoaren irautea eta EITBko lanpostuak arriskuan jartzen dituztenak salatu nahi ditu».

Merkataritza kontratuen afera

Aipatutako asteleheneko elkarrizketan, Idigorasek dio sindi-katuek ez ikusi egiten zutela EITBko zuzendaritza «modu irregularrean» jendea sartzen ari zenean. Sindikatuak hori ikusita ez zirela kexatu eta ez zutela elkarretaratzerik egin gaineratu du. LABek erantzun dio sindikatu abertzaleak berak jarri zuela Bilboko Lan Ikuskaritzan salaketa merkataritza kontratuen aferan. Hain zuzen ere, hilaren 17an egingo dute agerraldia EITBko aurreko zuzendaritzako arduradunek kontratu batzuen irregulartasunen gainean azalpenak emate- ko.

Gaur, langileen batzarra

Azkeneko egunetako gertakariez aritzeko ETBko langile batzordeak langile batzarra antolatu du gaur arratsalderako. LABek azpimarratu duenez, azken langile batzarretan aspaldiko parte-hartze handiena izan da.

EAJk, bestetik, Eusko Legebiltzarrean eta EITBren Administrazio Kontseiluan emango du «egoera larri honen berri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.