KOMUNIKAZIOA. «Murrizketak murrizketa, ez dago BBC Albaren dirua aldatzeko planik»

Eskoziako gaelikozko telebistak egoera berezia du, eta bere burua salbu ikusten du, Londresko gobernuak BBCri aurrekontua %16 jaistea erabaki ondoren.

Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Glasgow
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Programazioa Eskoziako gaelikoz ematen duen telebista katea da BBC Alba. 2008an sortu zuten,600.000 hiztunei zerbitzu emateko eta ingelesdunak gaelikora erakartzeko. Alison Lang kateko batzorde eragileko kidea da. BBC Alba zertan den eta Londresko gobernuak atzo iragarritako diru murrizketek nola eragingo dioten argitu dio BERRIAri.

Zer telebista kate mota daBBC Alba?

Entretenitzeko telebista kate orokor bat da: albisteak, telesailak, kirolak, haurrentzako saioak eta gaelikoa ikasten saiatzen ari direnei begirako saioak biltzen ditu. Gehienak gaeliko hutsez dira, baina, esaterako, beste herrialde bateko dokumentalen bat erosten dugunean, ingelesezko azpidatziak jartzen dizkiogu, gaelikoa mintzo ez baina ulertzen duten 13.000 eskoziar horiei begira. Astero, 230.000 ikusle inguru ditugu, eta 350.000 izatea da gure xedea.

BBCko aurrekontua %16 gutxitzea erabaki du Londresek. Nola eragingo dio horrek BBC Albari?

BBC Albaren egoera berezia da, finantzabideari dagokionez. Izan ere, BBCren eta MG Alba gaelikozko hedabide zerbitzuaren arteko lankidetza itun baten bitartez jasotzen du dirua. Ez dago itun hori eta diru laguntzen politika aldatzeko planik. Halere,BBCren lizentzia dirua izozteko erabakia iragarri berri dute, eta oraindik denbora dezente beharko dazerbitzu bakoitzari nola eragingo dion jakiteko.

Eskoziako Gobernuan nor dagoen, horrek eragina du zuen geroan?

Alderdi guztiek nahi zuten BBC Alba sortzea, eta abiatu ginenetik izugarri sostengatu gaituzte. Kontserbadoreen agintepean ezarri zen diru funtsa, laboristek diru gehiago eman ziguten, eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalarekin hasi ginen lanean. Legebiltzarreko alderdi guztiek nahi zuten katea sortzea, baina finantzaketa da auzi nagusia. Orain dugun aurrekontuarekin jarraitzerik izango genuke, baina BBC Alba garatzeko eta ikusleen nahiari erantzuteko handitu beharko genituzke diru sarrerak. Esaterako, telesailak behar ditugu. Ziurtatzerik izango bagenu behar adina diru telesail luze bat ekoizteko, orduan bete ahal izango genuke gaur ikusleek sumatzen duten hutsuneetako bat.

Ba al duzue nazioarteko harremanik gutxiengoen hizkuntzetan lan egiten duten beste telebistekin?

Ezagutzen dugu nola ari diren Irlandan eta Galesen, hurbilenen daudelako eta, bistan denez, denok Ingelesaren aurka ari garelako lanean. Horrez gain, Munduko Telebista Indigenen Sarean [WITBN] hartzen dugu parte. Horretan daude, esaterako, Maori TV, Sami Telebista edo Taiwango Irrati-telebista Konpainia.

Zeintzuk dira zuen helburuak?

Gaeliko hiztunei telesaio mota guztiak dituen eta geure hizkuntza eta kultur ezaugarriak islatzen dituen kate bat ematea da gure helburua. Hori garrantzitsua da, jendeak ikusi eta entzun behar du hizkuntza testuinguru moderno eta garrantzitsuenetan. Beste kateetan ematen ez duten eduki eskoziarra eman nahi diogu ikusleria zabalari.

Nola aldatu da zuen ikusleria?

Hasieran, ikusmin handia zegoen. Lehen bi asteetan, 600.000 ikusle genituen astero. Orain, ez ditugu horrenbeste, baina oinarri sendoa dugu, eta pozik gaude. Izan ere, kablea edo LTDren bidez zabaltzen ez dugunez, sistema horiek egongelan dituzten jende askorengana ez gara iristen. Plataforma digital guztien bidez heltzerik dugunean, ikusleria handitzea espero dugu.

Nolako harremana duzue haiekin?

Gaelikoz mintzo den komunitatea txikia da, eta nahiko argi dakizu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Zerbait gogoko badute, telefonoz deitu eta esan egiten digute, eta berdin gogoko ez dutenarekin. Kexatzen direnean ere, horrek esan nahi du telebistarekiko konpromisoa dutela eta sentitzen dutela BBC Alba «euren katea» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.