KOMUNIKAZIOA. Nafarroako Gobernuak dio bete duela ETB herrialdean ikusteko akordioa

Eusko Jaurlaritzak ez duela ETB LTD bidez jasotzeko dirua eman azpimarratu du Alberto Catalanek

edurne elizondo
Iruñea
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bete duela. Nafarroako Gobernuak ETB Nafarroan LTD bidez ikusi ahal izateko Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioa bete egin duela erran du Alberto Catalanek, Nafarroako Gobernuko eledunak. PSNko Jose Luis Lizarbek Nafarroako Parlamentuan egindako galderari erantzun dio Catalanek, sozialistak jakin nahi izan baitu Nafarroan zergatik orain arte ez diren ETB LTD bidez ikusi ahal izateko urratsak egin.

«Nafarroako Parlamentuak hirutan eskatu dio Gobernuari ETB Nafarroan ikusteko egin beharrekoak egin ditzala, eta hiruretan jaramonik ez du egin», gogoratu du Lizarbek. Nafarroako Parlamentuak 2008ko martxoan egin zuen gisa horretako lehendabiziko eskaera; bigarrena, joan den martxoan izan zen, eta, azkena, berriz, joan den ekainean.

Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin sinatu zuen akordioa gogora ekarri du Lizarbek, halaber. 2009ko uztailekoa da hitzarmen hori. «Ez duzue bete. Ematen du Nafarroako Gobernuak eta UPNk ez dutela Nafarroan ETB ikustea nahi», salatu du parlamentari sozialistak.

Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordio hori bete egin duela berretsi du Catalanek, eta Eusko Jaurlaritzari dagokiola ETB Nafarroan ikusteko egin beharreko gastuari aurre egitea. Hori omen da gakoa: dirua. «Eusko Jaurlaritzari galdetu beharko liokete zergatik ez duen, orain arte, ETB LTD bidez ikusi ahal izateko behar den milioia ordaindu». Milioi bat euroko inbertsioa behar da, hain zuzen ere, ETB LTD bidez jaso ahal izateko multiplexa jarri ahal izateko, eta hori ETBk egin beharreko inbertsioa dela nabarmendu du Catalanek.

Canal4 eta Canal6en aukera

EITBko zuzendari nagusi Alberto Suriok aste honetan bertan onartu du, Eusko LegebiltzarrekoEITBri buruzko batzordean, Nafarroan ETBren seinalea digitalizatzeko negoziazioak «ez atzera eta ez aurrera» daudela.

Onartu du, halaber, Eusko Jarularitza multiplexa jarri baino aukera merkeago bat aztertzen ari dela Nafarroan ETB LTD bidez ikusi ahal izateko. Kontua izanen litzateke Canal4 eta Canal6 telebista kateekin akordioa lortzea, egun haiek erabiltzen ez dituzten espazioak profitatu ahal izateko.

Aukera horren bidez, Nafarroan ETB1 eta ETB2 ikusi ahal izanen lirateke, baina ez, ordea, ETB3 eta ETBsat. Canal4 eta Canal6 kateekin akordioa lortu ahal izateko, egun dauden «oztopo politikoak eta juridikoak» gainditu beharko lirateke.



ETB3 eta ETB-Sat ere LTD bidez ikusteko mozioa aurkeztuko du Aralarrek

ETB Nafarroan digitalean ikusteko hitzarmena berehala betetzeko eskatu zion Aralarrek joan den astean Eusko Jaurlaritzari, interpelazio bidez. Eta interpelazioaren ostean, mozioa aurkeztu du. Hilaren 21eko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozioan, Aralarrek eskatuko du Eusko Jaurlaritzak negozia dezala Nafarroako Gobernuarekin, Foru Erkidegoan ETB3 eta ETB-Sat ere LTD bitartez ikus daitezen -egun ezin dira Nafarroan ikusi, ETB1 eta ETB2 soilik analogikoan-. Halaber, Eusko Jaurlaritza premiatzen du, Nafarroan ETB LTD bitartez ikusi ahal izateko Nafarroako Gobernuartekin negoziazioak egin ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.