Arrasate Pressen hasi zen kazetaritzan Anartz Agirre (Iurreta, Bizkaia, 1978). ETBn bekadun izan ostean, Goiena Telebistan kirol arduradun izan zen hainbat hilabetez. ETBra bueltan, kiroletan jarraitu izan du azken urteotan.
Nola sortu da Zu kirolariprograma?
Zuzendaritza aldaketa egon da duela gutxi kiroletan. Erredakzioan aldaketa batzuk egin nahi zituen zuzendari berriak, eta asmoa azaldu zuen futbola eta pilotatik aparteko kirolekin beste saio bat egiteko. Hortik sortu da Zur kirolari.
Zein da saioaren filosofia?
Programaren filosofia da kirol minoritarioak eta hedabideetan kantxarik ematen ez zaienak plazaratzea, tokitxo bat egitea telebistan. Profesionaltasunetik aparte, kirolean dabilen jendeari leku bat egin nahi diogu bide batez. Kirola haien bizitzaren parte garrantzitsua den horiei lehio bat zabaltzea telebistan.
Zer modutan egiten duzue hori?
Aipatu beharra dago saioko zuzendaria Jon Ander Gorospe dela. Ni kazetari eta aurkezle aritzen naiz. Lan talde txikia da gurea, eta ahal den heinean aritzen gara. Saioak ez du egitura finkorik kirolei dagokienez: egun batean ager daitezke eskalada, surfa eta golfa, eta bestean motorra, skatea eta errugbia. Hori bai, astelehenero gonbidatu bat izaten dugu platoan gai bati lotuta. Elkarrizketatuen artean Urdin Ugarte, Kepa Acero, Nerea Amilibia eta Pou anaiak izan dira, besteak beste. Elkarrizketaz gain, erreportaje laburrak egiten ditugu. Batzuk gaurkotasunari lotuak daude, eta beste batzuk atenporalagoak dira, kirol edo pertsonaia bereziren bat aurkezteko.
Kirol handietatik aparte kirolzaletasun handia dago Euskal Herrian?
Bai, dudarik gabe. Gai faltarik ez dago. Normalean arazorik handiena izaten da gaiak albo batera uztea. Asteburuetan, kirol asko daude Euskal Herri osoan. Kirol profesionaletik aparte; jende asko dago bere lanetik at kirola maite duena.
Ikusle datuei begiratzen al diezue?
Beti botatzen diezu begiradatxo bat, jendeak ikus dezan egiten baituzu lan. Baina telebista mundua gaur egun oso zaila dago, kate berri asko sortu dira. Guk ahalegindu behar dugu ahalik eta produkturik txukunena egiten, eta gero, jendeak ikusten badu, askoz hobeto. Denbora pixka bat behar da jendeak saioa bere agendan sartzeko.
Zerbitzu publikoko saiotzat jo daiteke Zu kirolari?
Bai. Kirol batzuek bestela ez dute tokirik. Eta gu ahalegintzen gara antolakuntza txikiei laguntza ematen. Toki guztietara ezin gara iritsi, eta ez gara GKE bat. Dena den, nik nahiago dut Fernando Llorente baino zortzi orduz lanean aritu ostean korrikan ibiltzen den pertsona bat elkarrizketatu.
ETB4 kirol kate egiteko ikerketa egin zuten duela hilabete batzuk. Baina diru faltagatik ez du aurrera egingo, oraingoz. ETB1en, berriz, ez al dago kirol gehiegi?
Idealena litzateke TVEk Teledeporte duen bezala ETBk kirol kate bat izatea. Eta gero, ETB1 kate normalizatua izatea, bere magazine eta filmekin. Dena den, garrantzitsua da ETBk kirola euskaraz ematea.
KOMUNIKAZIOA. «Nahiago dut Fernando Llorente baino kirolari ezezagun bat elkarrizketatu»
Futbolak, pilotak eta saskibaloiak tarte zabala dute ETB1en. Horietatik aparte, bestelako kirolei tartea egiten die 'Zu kirolari' programa berriak astelehenero (23:25).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu