KOMUNIKAZIOA. Ordiziako Hitzaro euskara elkarteak blog berria du

Blogaren atal nagusian artikuluak sartu dituzte, eta eskuinaldean hainbat lotura sortu, atalak ondo bereizteko

IñAKI GURRUTXAGA GOIERRIKO HITZA
2008ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Euskararen Nazioarteko Eguna baliatu zuen Ordiziako (Gipuzkoa) Hitzaro euskara elkarteak Interneten sortu duen tresna berria aurkezteko: blogak.com/hitzaro. Blogarekin, teknologia berrien ezagutza eta erabilera bultzatu nahi ditu Hitzarok Ordiziako euskaltzaleen artean, baina bereziki bi helburu ditu blog sortu berriak: batetik, Hitzarok egiten dituen ekintzen berri ematea, eta, bestetik, elkarteko kide eta herritarren iritziak jasotzea, interaktibitatearen bidez.

Jone Etxeberria Hitzaroko kideak eta Igor Eguren elkarteko komunikazio arduradun berriak azaldu zituzten bloga sortzeko arrazoiak. «Webgunea baino dinamikoagoa delako sortu dugu bloga, eta bertan sartzen denari iritzia emateko aukera ematen diolako».

Blogaren atal nagusian, Hitzaro elkartearen ekitaldi nagusien berri ematen duten artikuluak azaltzen dira. Artikulu horiek astean behin berritzeko asmoa dutela adierazi dute elkarteko kideek.

Atal nagusiak

Blogaren eskuinaldean, Hitzaroren historia eta aisialdi, kultur eta normalizazio ekintzak biltzen dituen lau lotura sortu dituzte, eta, haien tartean, agendara joateko beste esteka bat dago. Ikastaroen berri ematen duen beste esteka bat dago beheraxeago, baita euskarazko hainbat komunikabiderekin eta euskara elkarteekin harremanetan jartzeko lotura ere. Bukaeran, argazkien atala dago, urte guztian egindako ekitaldiak irudi bidez ikusi ahal izateko.

Lotura horien guztien artean bat nabarmentzekotan, mintzalagunena da. Mintzalagun ekimenaren helburua Ordizian dauden euskaldun berrien mintzamena hobetzea da, euskarazko mintzapraktikak egitea. Ordizian 45 lagunek hartzen dute parte ekimen horretan, hamabost taldetan banatuta. Astero elkartzen dira, eta hilabetean behin ekintzak antolatzen dituzte. Topagunea euskara elkarteen federazioak sortu du mintzalagunen bloga, baina Hitzarok kudeatuko du. «Hilero ekimen horien berri ematen saiatuko gara Hitzarotik». Blog horren helburua mintzalagunen arteko komunikazioa eta harremana sustatzea dela gaineratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.