Udaz geroztik ugaritu egin dira aberastasun gordina oinarri hartu duten telebistako saioak. Gure eskura ez dauden horiek jartzen dizkigute pantailaren aurrean. Espainiar estatuko etxerik luxuzkoenetako bizilagunak, denda bakarrean milaka euro gastatzeko gai diren pertsonak, neurririk gabeko oporraldiak izaten dituzten urte guztiko udatiarrak...
Zuek aukeratu nola izendatu: amorrua, errabia, haserrea, sumindura... Saltzen diguten hori, hitz eta irudi bidez jasotzen duguna, galbahe egokitik pasako bagenu, halako zerbait sentituko genuke. Ez dut inolako zalantzarik. Eta nago saio mota hori irenstera iritsi garen hamarretik zortzik arima (deitu lagunak edo familia) salduko genukeela haien larruan egoteko. Lehen begiratuan, emankizun horietan piii batekin estaliko luketen esapideren bat askatu ohi dute gure mihiek. Minutuak aurrera joan ahala, ordea, isilpean, inbidia itsasten zaie gure kontzientziei. Zorionekoak haiek; zoriogaiztokoak gu. Tamala.
Eta, noski, berez, jakin badakigu haien sasi luxua gizalege faltan oinarrituta dagoela. Zehazki, krisi garaia izan da formatuarentzat emankorrena. Arazoak auzoan utzi, eta irtenbidea diruzalekeria balitz bezala. Jakin badakigu gutxi batzuen bizi maila ezinezkoa dela beste askoren pobrezian oinarritzen ez bada. Jakin badakigu itxurakeria baino ez dela. Etxeko terrazako igerilekuak,Porche eta Ferrariek, perladun bitxiek, larruzko zapatek zein berokiek eta diskoteketako VIP guneetako xanpainak ez digutela zoriontasunik ekarriko. Ezta hurbilago jarriko ere. Irribarreak beste jatorri bat duela. Jakin badakigu. Baina ez dugu sinetsi nahi. Pantaila aurrean, behinik behin, ihes egiteko balio digu.
Gogoan daukat Seven Morgan Freeman eta Brad Pitt protagonista zeuzkan filma ikusi nuen eguna. Orduan izan nuen zazpi bekatu kapitalen berri. Zazpi bekatuek eragindako hilketa bortitz bana. Zein baino zein gordinago gauzatua. Ikusteko gogorra. Ez lazo gorri polit, ez glamour, ez jendearen adurra bidea zabaltzen. Eta esango nuke modan jarri berri diren saio horiek, ikusteko hain errazak direnek, zazpitik zazpi betetzen dituztela. Ikusleok begiratu hutsarekin bihurtu nahi baitugu dirudun horiek bezain piii. Guri bost amorruak, gizalege faltak, itxurakeriak, zoriontasun ezak eta gugatik esango dituzten hitz itsusiek.
KOMUNIKAZIOA. Piiii
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu