KOMUNIKAZIOA. 'Rompecabezotas' lehiaketa berriz hasiko da ETB2n denboraldi honetan

'Vaya semanita' saioko 'Euskolegas' atala telesail bihurtuko dute; Ramon Barea izango da komedia berriko aktoreetako bat

IRUNE BERRO BILBO
2008ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Ikuspegi berritzailea» izango du ETB2ko 2008-09ko denboraldiko programazioak, Bingen Zupiriak adierazi duenez. Ikus-entzuleak «gertukoa eta atsegina» sentituko duen programazioa landu dutela azaldu du Euskal Telebistako zuzendariak. Berrikuntzak egin dituzte. Horietako batzuk martxan dira dagoeneko; beste batzuk, ordea, aurki abiatuko dituzte. Saio ugari estreinatu eta aspaldikoak berriz ematen hasiko dira. Esaterako, Rompecabezotas lehiaketa. «Duela urte batzuk sekulako arrakasta izan zuen saioak», Zupiriaren arabera. Eta horregatik erabaki dute berriro ere ekoiztea eta emititzea. Dena dela, formatu berria izango duela ohartarazi du Zupiriak. «Saio dinamikoa izango da, bizitasun handikoa», esan du. Iñaki Urrutiak aurkeztuko du, eta egunero emango dute, gaueko albistegiaren aurretik.

Vaya semanita umorezko saioaren atal berriak hilaren 25etik aurrera eskainiko dituzte. Aktore berri bi batuko dira taldera: Pablo Salaberri iruindarra eta Itziar Atienza gasteiztarra.

Orain arte Vaya semanita-ko atal izandako Euskolegas telesaila izango da 2009ko urtarriletik aurrera. Telebistan eman aurretik, alabaina, www.eitb.com webgunean estreinatuko dute. Hamabi atal grabatuko dituzte, 45 minutukoa bakoitza. Komedia izango da, eta pertsonaiek eguneroko bizitzak dakarren egoerei egin beharko diete aurre, hala nola etxebizitza aurkitzeko arazoari eta bikotekideen arteko txarto ulertzeei. Honako aktore hauek antzeztuko dituzte Euskolegas telesaileko pertsonaien ibilerak: Ramon Barea, Andoni Agirregomezkorta, Laura de la Calle, Arantxa Aranguren, Veronica Moral, Nayra Navarro, Iker Galartza eta Javier Antonek.

'Mi querido Klikosky' aurki

El conquistador del fin del mundo saioa, halaber, urte berria hastearekin batera ikusi ahal izango da Euskal Telebistan. Julian Iantzik aurkezten duen programak urtetik urtera arrakasta handiagoa duela esan du Zupiriak. Parte-hartzaileak aukeratzeko probak egiten ari dira egunotan; 2.000 lagunek egin dute saioan lehiatzeko eskaera.

Mi querido Klikosky telesailaren atal berriak, aldiz, aurki hasiko dira ematen. Hilaren 15ean eskainiko dute lehena. Bestalde, Laila Mohamed Matutek aurkeztutako El calendario del año saioa urrian abiatuko dute.

Arratsaldeko programazioa da «sendoena», Zupiriaren esanetan. Carlos Soberak aurkezten duen Date el bote lehiaketak 1.500 saio egin ditu; eta Adela Gonzalezek eta Iñaki Lopezek zuzentzan duten Pásalo magazineak, berriz, 1.500. Azken horrek markak hautsi ditu udan. «Arratsaldeko programarik ikusiena izan da Euskadin», Zupiriaren hitzetan. Horrenbestez, aurrera segituko dute bai Date el bote-rekin, baita Pásalo-rekin ere.

Halaber, zinema eskaintza «bikaina» egingo du ETB2k denboraldi berrian. Felix Linaresen La noche de, Cine western eta Siempre cine atalei segida emango diete. Besteak beste, Woody Allenen Match Point, Chris Columbusen Harry Potter and the Secret Chamber eta George Clooneyren Good Night, Good Luck filmak estreinatuko dituzte ETB2n.

Gaurkotasuna da ETB2ren ardatz nagusia, Zupiriak azaldu duenez. Eta, horregatik, Objetivo Euskadi erreportaje saioa igandeetan emango dute, El derby-ren ondoren. Bihar eskainiko dute lehen erreportajea, 22:00etan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.