KOMUNIKAZIOA. Twitter sorkuntza kapagailua?

gorka julio
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Iban Arantzabalek bere blogean idatzitako Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora artikuluak eztabaida sortu du sarean (http://tinyurl.com/iarantzabal). Artikulu horretan, Ibanek dio trabak jartzen dizkiola Twitterrek sorkuntzari. Hau da, ezartzen duen 140 karaktereko muga gauzak adierazteko muga bihurtzen dela, alegia. Gehienetan besteek esandakoari loturak, erreferentziak egiten dizkiogula.

Horren aurka, blogak eta paperezko hedabideen sakontasuna jartzen ditu artikuluan. Benetan ez dut uste kontra jartzen dituenik, baizik eta egoera bat islatzen saiatzen dela. Ibanekin ados nagoela esan beharra daukat, ondo ulertu badiot behintzat.

Azken urteetan blogek eskaintzen zuten sorkuntza kulturatik atxikimendu kultura batera pasatzen ari gara. Blogetan -bakoitzak berean- eta horien artean sortzen ziren harremanetatik Twitterreko RT -ReTweet, beste pertsona batek esandakoa errepikatu, ados zaudela adierazteko- eta Facebookeko atsegin dut dira nagusi. Sorkuntzaren alorrean aldaketa bortitza izan da. Interneten euskaraz sorkuntza gehien egin den egoera batetik komunikazio azkar eta sakontasun gutxiko batera pasatu gara.

Interneteko sare sozialek komunikazio ahalmen handia eskaintzen digute. Baliatu behar dugun ahalmena, noski. Twitterrek eskaintzen dituen eta sortzen dituen sareak eta sortzen dituen informazio eta elkartruke dinamiken aurka ezin azaldu. Beharbada, Twitterren egitura zentralizatuaren kontra entzungo didazue (askotan), baina ez generoaren kontra; hasieratik gustatu zait. Baina egia da sorkuntza 140 karakteretara mugatzen duela. Hala ere, sortzen diren harremanak sorkuntza kolektiborako ateak irekitzen ditu. Batez ere, bertan elkar ezagutzen duten pertsona askok hurrengo pausoa ematen dutelako, elkartu eta sortzeko beste leku fisiko zein birtual batzuk erabiltzen baitituzte.

Hori da konbinazio perfektua. Tresnek sarea josi eta ondoren komunitateak eraikitzeko baliatzea. Hurrengo pausoan, beste tresna batzuk (blog, hedabide, posta zerrenda...) erabiliz sorkuntza sustatzeko. Ez dago komunikatzeko tresna egokiak dituen sare bat, eta horren barnean sormena duen komunitatea baino ezer indartsuagorik. Informazioan hori lortu nahi du zehazki gaur bertan aurkezten den Berriketan.info komunitateak.

berriketan.info/gorkajulio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.