Gomez Llanos. Gizartea ETAren aurka defendatzera derrigortua dagoela esan ondoren, zilegitzat jotzen ditu Jose Luis Gomez Llanos tertuliakideak froga penalik gabeko atxiloketak, epaiketa politikoak -ez judizialak-, torturak... Behin baino gehiagotan bota izan du hori Berrikerketa-n, Herri Irratian; ostegunean, azkenekoz. ETAren jarduna gaitzesten ez duen «inguru mediatikoa» ere kartzelatzearen alde hitz egin zuen, dena ETA omen denez... Denok ezagutzen dugu elkar, eta beraz, ulertu beharko da alboan zeukan Martin Garitano ere ziegan ikustea desiratzen duela. Egoera bertsua izan zen orain ez asko Teresa Todarekin, solaskide izatetik preso izatera pasa baitzen. Pentsatzen duena argi esatea eskertu behar zaion arren, jakinekoa zen entzule ugari sutuko zuela ostegunean, halakoa baita HIko entzuleen soziologia... Horietako batek hitza hartu ahal izan zuen, saioak entzuleen parte-hartzeari eman ohi dizkion segundo eskas eta lotsagarriak probestuz. Eta gogor ekin zion Gomezi eta bere diskurtsoari. Hurrengo eguneko tertulian Arzalluzek egin zien moduan.
Nork nori? Errieta entzuleak Gomezi, eta erreplika Karmele Aranburu moderatzaileak entzuleari. Irratsaioaren arau klasista bat gogorarazi zion hari eta guztioi, beste behin: tertuliakideak kritikaezinak dira, inor astintzekotan zatozte nigana. Akaso bada garaia Aranbururi hitza hartzeko, eta zera eskatu: kargua har diezaiola giza eskubideen aurkako estatu biolentziaren apologia egiten duenari.
Ekonomialaria, gosaritan. Merkatu librea, kapitalismo basatia, estatuaren interbentzionismoa... eta antzeko ekonomia kontzeptu handiak gutxi-asko ezagutzetik haratago ez goazen lurtar arruntontzat, ondo etor bitez Joseba Barandiaren ekonomilariaren leziodidaktikoak, Faktoria-ko albistegian (Euskadi Irratia, 08:00). Are gehiago egunotan, ekonomia nagusitu delarik.
Bi ero bero. Txalogarria ostiralero Patxi Huarte Zaldieroa-k eta Koldo Goitiak osatutako bikotea jarri izana Faktoria-n (9:40-10:00), asteko errepaso pertsonala egin dezaten. Eskergarria biren lotsagabekeria, estridentzia, sarkasmoa... Kontrapuntu osasungarria, gainerako egunetan ordu berean pasatzen diren tertuliakideen mintzaldi xuxen eta aurrez jakinekoak ikusita.
KOMUNIKAZIOA. UHINETATIK TIRAKA. Azal latzeko demokrazia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu