KOMUNIKAZIOA. Zentsuraren aurka elkarretaratzea egingo dute ETBko langileek

ETBko zuzendaritzak zigortu nahi dituen kazetari biekin bat egin du langile batzordeak, ohar baten bidez

urtzi urkizu
Donostia
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Adierazpen askatasuna-zentsurarik ez lelopean elkarretaratzea egingo dute asteazken arratsaldean ETBko langileek, Neotelebista: telebista publikoaren etorkizuna eraikiz jardunaldietan. Jardunaldi horietan, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izango da.

Horrez gain, ETBko langile batzordeak bat egin du zuzendariak «mehatxatutako» kazetariekin ohar baten bitartez. «Enpresa batzordeak ezin du onartu zuzendaritzaren portaera, adierazpen askatasunaren kontrakoa delako eta ETBko erredakzioan zentsura ezartzea esanahi duelako». Astelehenean izandako gertakari batzuen inguruko salaketa da langileena. Kazetari batek eginda zuen lana atzera bota, eta politika arloburuak berak idatzitako testu bat eman zion kazetariari irakurtzeko. Kazetariak ez zuen baldintza horietan lan egiterik onartu, eta handik bi egunera, ETBko zuzendaritzak iragarri zion espedientea irekiko ziola. Astelehen arratsaldeko txandan, behin-behineko kontratua zuen langile bati agindu zioten testua esateko, eta agindua bete zuen. Langileek aferaz zuten iritzia zuzendaritzari helarazi zioten idatzi batez, eta testu hori helarazi zuen kazetariari ere espedientea irekiko diote.

ETBko langile batzordearen atzoko oharrak mezu argia bidali nahi dio zuzendaritzari: «EITBko zuzendaritzako kide gehienak kazetariak izanik, harritu egiten gaitu hartu duten bidea. Enpresa batzordeak zuzendaritzak hartutako neurriak bertan behera uztea exigitzen dio zuzendaritzari, eta kazetarien profesionaltsunaren kontrako erasoei amaiera ematea». Oharreko azken esaldia ere zuzena da: «Kalitateko albistegiak egitea bada ETBren erronka, zuzendaritzak bere jarrera errotik aldatu behar duela deritzo ETBko enpresa batzordeak».

Euskadi Irratiko langileen batzordeak ere elkartasuna adierazi die ETBko zuzendaritzak zigortu nahi dituen bi kazetariei, eta bat egin du ETBko lan batzordeak kaleratu duen oharrarekin. Horrez gain, Euskadi Irratiko langile batzordeak adierazi du oso kontuan hartuko duela ETBko enpresa batzordeak dei dezakeen ekimen oro, «bidegabekeria honi aurre egiteko».

ETBko langile batzordeak batzarra egingo du datorren asteartean. Espedienteekin aurrera egingo duela iragarri du zuzendaritzak. Horrenbestez, litekeena da langileek asteazkeneko elkarretaratzeaz gain, ekimen gehiago martxan jartzea.

Aralar, EA, EAJ: azalpen eske

Aralarrek elkartasuna adierazi die espedientea ireki zaien langileei, eta ETBren lan batzordeko agerraldia eskatu du, Eusko Legebiltzarreko EITBren kontrolerako batzordean gaiaren inguruan azalpenak emateko. Enpresa batzordeak argitara eman duen komunikatuarekin bat datorrela iragarri du Aralarrek.

EAJk agerraldia eskatu die Eusko Legebiltzarrean EITBko zuzendari Alberto Suriori eta ETBko zuzendari Miguel Angel Idigorasi, espedienteen gaineko arrazoiak azal ditzaten. «Gure ustez, guztiz justifikaezina da erabaki hori hartzera eraman dituzten gertaerak», azaldu du EAJko Luke Uribe-Etxeberriak. Duela urtebete arduradun batzuk kargugabetu ziren. «Orain, harago doaz, eta ospe oneko ibilbide profesionala duten kazetari batzuen profesionaltasuna zentsuratzen eta manipulatzenari dira». Euskal Herrira irrati-telebista espainiar batzuen «modu eta portaera propioak» ekartzen ari direla salatu du EAJk.

EAk ere iragarri du afera Eusko Legebiltzarrera eramango duela eta azalpenak emateko eskatuko diola Alberto Suriori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.