KOMUNIKAZIOA. Zerbitzu publikoa gizartearentzat beharrezkoa dela esan dute adituek

FORTAren izenean, Alberto Suriok esan du kate autonomikoek iritzi askatasuna defendatzen dutela

urtzi urkizu
Bilbo
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zerbitzu publikoak egunduen garrantzia nabarmendu zuten atzo hainbat adituk eta erakundeetako ordezkariek Bilbon, Neo Telebista: telebista publikoaren etorkizuna eraikiz jardunaldietan. EITBren Bilboko egoitzan izan ziren, besteak beste, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea. FORTAko ordezkari ugari ere Bilbon izan ziren. Alberto Surio EITBko zuzendariaren arabera, telebista publiko autonomikoak parte-hartze politikoa defendatzen du, «baita iritzi askatasuna ere». Orotariko telebista eta finantzaketa eredu mistoa defendatu ditu Suriok FORTAko kateen izenean. Honatx hizlariek esandakoaren laburpena:

ENRIQUE BUSTAMANTE
Complutense unibertsitateko irakaslea
«Telebista autonomikoetan independentzia editoriala funtsezkoa da»

Guru batzuek telebista hil egin dela badiote ere, Bustamantek uste du telebista berriro jaiotzen ari dela. Telebista kontsumoa handitzen ari da, gainera. Bustamante telebista publikoaren defendatzaile sutsua da: «Zerbitzu publikoa beharrezkoa da herritarrak laguntzeko, hezkuntza eta prestakuntza bultzatzeko eta kohesio soziala zabaltzeko». RTVEren kasuan, Bustamantek uste du egungo finantzaketa sistema ez dela bideragarria eta arriskuan jartzen duela RTVEren etorkizuna. «Telebista autonomikoei dagokienez, erakundeetatik independentzia handiagoa izan behar dute. Zerbitzu publikoak zorrotza izan behar du, eta independentzia editoriala funtsezkoa da. Kudeaketa autonomoa, kanpoko kontrola eta finantzaketa bideragarri eta gardena proposatzen dut».

DAVID GONZALEZ, IRENE MAESTRE
Deloitte enpresako ikerlariak
«BBCren ordez telebista pribatu batek gutxiago inbertituko luke hizkuntzan»

Deloitte enpresak ikerketa bat egin du, BBCk Erresuma Batuko ekonomian duen eragina aztertzeko. Kontuan izan behar daBBCren finantzaketaren %75a kanonetik jasotzen dutela eta bestetik produktuen salmenta iturri garrantzitsua dela. «BBCn inbertitutako libera bakoitzak trukean balio bikoitza du ekonomian», azaldu du David Gonzalezek. BBC desagertu eta kate pribatu bat balego, ekoizpen independentearen egoera ezegonkorragoa litzateke, ikerlarien arabera. «Gainera, hizkuntza propioetan, galeseran eta eskozieran, gutxiago inbertituko lukete. Kulturan eta informazioan ere inbertsioa txikiagoa litzateke», ondorioztatu du Irene Maestrek.

EDUARDO GARCIA MANTILLA
Multimedia Korporazioko presidentea
«Telebista publikoen errentagarritasun soziala neurtzea funtsezkoa da»

Telebista publikoak dituen helburuak ongi zehaztu behar direla uste du Mantillak: «Errentabilitate soziala neurtzea funtsezkoa da. Hizkuntzak gorde behar dira, ondare historikoa eta identitate sozial eta kulturala ere bai». Halaber, kate publikoetan neutraltasuna eta inpartzialtasun informatiboa ziurtatu behar direla uste du Corporacion Multimediako presidenteak.

MONICA TERRIBAS
Kataluniako Telebistako zuzendaria
«Gizartea islatu eta gizartea entzun egin behar dugu telebista publikoetan»

Jardunaldian eztabaida ekonomikoak irabazi duela kritikatu du Monica Terribasek, eta edukiei garrantzi handiagoa eman behar zaiela iradoki zuen. «Kate autonomikoak ez baleude, errealitate asko ez lirateke islatuta egongo. Guk gizartea islatu eta entzun egin behar dugu, herritarrak interesatzen zaiona aurki dezan».

CARMELO GARITAONAINDIA
EHUko errektoreordea
«Internetek aukera berriak eskaintzen ditu zerbitzu publikoarentzat»

Zerbitzu publikoa Internetera zabaltzearen beharra nabarmendu du Garitaonaindiak. «Interaktibitatea, parte-hartzea eta adingabeengana heltzea lor daiteke Internetekin. Aukera berriak eskaintzen ditu zerbitzu publikoarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.