KOMUNIKAZIOA. 'Zientzialari' emankizun berria Radiokultura Interneteko irratian

Elhuyar Fundazioak egina, zenbait irratitan entzungai dago, baina irratiak egokipen berezia egiten du

Nora Arbelbide Lete.
2008ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Elhuyar Fundazioaren partaidetzarekin, Radiokulturak Zientzialari emankizun berria entzuteko aukera ematen du www.radiokultura.com webguneko irratian. Ingurumen, garapen iraunkor eta osasun arloetan egiten diren azken ikerketa zientifikoak jendarteratzea du xede emankizunak. Zientzian jakintza handirik ez dutenentzat ere eskuragarriak izateko gisan pentsatuak dituzte.

Elhuyar Fundazio zientifikoak ditu emankizun horiek antolatzen. Jadanik beste hamar bat irratitan daude entzungai, Quark izenpean. Euskal irratien sareko lau irratiek ematen zuten lehen, adibidez, baina azken bi urteetan ez dute gehiago proposatzen. Radiokulturan entzun daitekeena ez da arras Quark hori izanen, haatik. Guillermo Roa Elhuyarreko kazetari kimikariaren boza entzuten ahal da Quark-en, hura baita ari galdera pausatzen; Radiokulturarako, aldiz, galdera horiek kenduko dituzte, eta musika gehituko, irratiaren filosofiara egokitzeko gisan. Euskadi-Akitania funtsaren laguntzari esker egiten duten emankizuna da.

Radiokulturak emankizun berri hori aurkezteaz gain, Eguberrien karietara eskainiko dituen emankizun bereziak ere aipatu zituen prentsaurrekoan. Bakantza denboran, goizero haurrentzako gabon kantak eta ipuinak emanen dituzte.

Radiokultura hilabetekari bezala funtzionatzen duen Interneteko irratia da. Hau da, hilabete bakoitz berritzen ditu emankizunek. Kartara entzun daitezkeenak, nahi izanez gero. Horrez gain, musika etengabe entzuteko bidea ematen dute, baita euskara ikasteko metodoa ere. Emankizunen erdiak baino gehixeago euskaraz emititzen dituzte, eta gainerakoak, frantsesez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.