«EITB Taldearen hedabideak izate bakar batean biltzea». Helburu handinahi horrekin zabaldu zuen Bilboko egoitza Euskal Irrati Telebista Taldeak. Lau urte geroago, euskarrien batasuna fisikoa bada ere, urrun da oraindik erakundeko antolaketa eta lan prozeduren erabateko bateratzea.
Hala dio, behintzat, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek EITB aro digitalean.Kudeaketa estrategikoa konbergentziara bidean monografian. Euskal komunikazio talde publikoak azken urteetan izandako bat egite prozesua —irrati, telebista eta Interneten artekoa— ikertu, eta hura kudeatzearen indargune eta ahuleziak agerian utzi nahi izan dituzte ikertzaileek.
Jose Larrañaga, Irati Agirreazkuenaga, Ainara Larrondo, Pedro Manuel Martinez eta Koldo Meso irakasleek osatu dute taldea, eta Bilboko egoitzaren zabaltzeak eta DIGIbat euskal taldearen digitalizazio proiektua egin izanak bultzatu zituzten ikerketa hastera.
Ikerketaren metodologia hirukoitza izan dela azaldu dute autoreek: erredakzioan behaketa teknikak egin dituzte, kudeaketa eta informazio zuzendariak eta erredaktoreak elkarrizketatu dituzte, eta inkesta luze bat betearazi diete komunikazio taldeko kazetariei.
Teknika horien bitartez, konbergentziak EITBren kudeaketa eredu berrietan izandako eraginaikertu dute, eta, horrez gain, taldearen digitalizazio prozesua eta edukien bat-egite maila aztertu dituzte. Azkenik, taldeak ikusleekin duen elkarreraginari erreparatu nahi izan diote.
Dinamika eta sinergia berriak
Ikerketak agerian utzi ditu bateratze prozesuan EITBk eginiko hainbat akats. Testuinguru berrian ongi eginiko zenbait gauza azpimarratu badituzte ere, errealitate berriari behar ez bezala erantzun izana egotzi diote ikerlariek.
Ikerketak ondorioztatutako lehen gaia zuzendaritza eta langileen arteko haustura izan da. Ikerlarien arabera, zuzendaritzan bertan prestakuntza ikastaroak eta antolakuntza eredu berriak egin dira, baina albistegietako eguneroko jardunean ezer gutxi egin dela esan dute. Era berean, langileek digitalizazioa balioetsi eta nolabaiteko konbergentzia lortu dutela aitortu duten arren, ikerlariek diote taldeak ez dituela antolaketa eredu berriak sustatu erredakzioan.
EITBk ekoitzitako edukiei dagokienez, aldaketa bidean dagoen konbergentzia eredua azpimarratu du ikerketak. Taldearen webguneak emandako aurrerapausoa goraipatu dute, eta adierazi dute taldeari banaketa euskarriak gero eta gutxiago«axola» zaizkiola. Horren eredu dira azkenaldian erakundeak aurkeztutako proiektuak, hala nola EITB Nahieran ekimena. Baina erakundeak izaera multimedia hori barneratu duen arren, lana antolatzeko garaian erredakzioen arteko koordinazio eta planifikazio gehiago izatera aholkatu dituzte ikertzaileek.
Azkenik, ikus-entzuleekiko harreman eredu berri baten alde egitea gomendatu dio azterketak. Ikerlariek diote digitalizazioari esker ikus-entzuleek elkarreragin handiagoa dutela erakundearekin, baina esan dute langileek ikus-entzuleekiko duten harremana ez dela apenas aldatu azken urteotan.
Komunikazioa
Konbergentzia, boligrafo gorriz
EITB Taldearen bat egite prozesua aztertu du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu