PROPOSAMENAK

Kondairazko herria

Nafarroako ondarearen harribitxi nagusietako bat da Uxue herria. Erdi Aroko herriaz gain, ikusgarria da Andre Mariaren eliza gotorlekua

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Fantasiazkoa dirudi: Erdi Aroan girotutako eleberri baten orrialdeetatik edo ahoz aho zabaldutako kondaira zahar batetik ateratako gotorleku mitikoa. Denboran atzera egin izanaren sentipena ematen du hango harrizko karriketan gora eta behera ibiltzeak. Bene-benetakoa da, ordea. Uxue da; Euskal Herriko ondarearen eta arkitekturaren harribitxirik garrantzitsuenetako bat, Nafarroako erdi aldean.

Mendi baten gainaldean egoteak piramide baten itxura ematen dio herriari: eliza gotorlekua erpinean, eta, maldan beherago, Erdi Aroko herrixka osatzen duten etxeak. Toponimia bera ere misterioaren lanbroan bilduta azaltzen da. Kondaira baten arabera, artzain batek uso bat ikusi zuen gaur egun herria dagoen parajean. Hegaztia harri batzuen artean sartu zen, eta haren atzetik joan zen gizona. Hurbiltzean, Maria ama birjina ikusi zuen, eta, haren omenez, Usoa edo Uxue izena paratu zion tokiari. Jose Moret jesuita iruindarrak jaso zuen kondaira hori, 1660. urtean idatzitako lan batean.

Ikerlarien arabera, ordea, hori baino askoz zaharragoa da herria. Azken ikerketetan, esate baterako, duela 2.200 urteko zeramika piezak aurkitu dituzte arkeologoek, eta baita III. mendeko erromatar oratorio baten eta erromaniko aurreko eliza baten aztarnak ere.

Ondorengoa da Uxueko gotorleku zaharra. Eneko Aritza erregeak eman zuen hori eraikitzeko agindua, IX. mendean, baina, gaur egun, ez da eraikin horren arrastorik ere gelditzen. Elizak badu, hala ere, Erdi Aroko gaztelu gotortu baten itxura —berez, eliza gotorleku gisa sailkatua dago; besteak beste, eraikinaren egiturari, dorre almenadunei, pasealekuei eta kanpoaldeko kontrahormei esker. Merezi du, tenplura sartu aurretik, balkoi gotikora igotzea eta handik ikus daitekeen paisaiarekin gozatzea.

Eliza XI. mendekoa da, baina XIV. mendean handitu zuten. Handitze lan horiei zor die egungo itxura. Garai horretakoa da hegoaldeko atari gotikoa, eta eraikinaren barruan ere, nabari da erromaniko eta gotiko estiloen arteko talka. Nabe nagusia, adibidez, gotikoa da, eta baita inguruko arkuak ere. Elizaren burua, berriz, erromanikoa da: hiru absidek osatzen dute, eta, erdian, Uxueko Andre Mariaren irudia dago, XI. mendekoa.

Elizatik aterata, merezi du Uxueko karrika meharretan galtzea eta harat-honat ibiltzea. Xarma berezia dute harriz eginiko etxeek, eta gomendagarria da artzaintzan oinarritutako gastronomia dastatzea. Otapurrak eta almendra garrapiñatuak dira herriko gutiziarik preziatuenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.