Lasai dago Donapaleu (Baxenabarre). Bakoitza bere betebeharretan, elkar gurutzatzen, baina kasu gehiagorik egin gabe batak besteari. Autoz gehienak, oinez zenbait. Aste barneko ohiko egun bat. 1.800 bat biztanle dituen herri baten erritmoan. Gauzak nondik eta nola begiratzen diren. Frantses giroan murgildu hiri grisa batzuentzat; besteentzat, hiri eder, euskal nortasuna eguneratzen ahalegintzen ari dena etengabean. Horren erakusgarri, bihar hortik abiatuko den deskonkista.
Donapaleu bera, konkistaren ondotik garatu den hiria da. Izan ere, ordu arte Garrüze zen hiri nagusia. Baina XVI. mendean, Albret dinastiako Henrike II.a erregeak, Donapaleun jarri zuen bere administrazioa. Horren lekuko da epaitegiaren karrika. Hor dago Saint Pelay eliza zena, bilkura gune izana orduz geroztik. Eta hor dago, parean, Erdoi etxea. Nafarroako errege-erreginek nobletua. Etxeari begira jarri, burua altxatu eta, lau buru ageri dira. Deabruaren ondoan, Henrike II.a, Joana Labrit (Albret) eta Henrike III.a Nafarroako errege-erreginen aurpegi zizelkatuak. Etxe horretako alaba, Jeanne, Arnaud Oihenartekin (1592-1667) ezkondu zen. Oihenart, Notitia Utriusque Vasconiae liburuaren idazlea (1638). Nafarroa konkistatua izan zela azpimarratu zuen hor. Orduan jada kontu hori eztabaidatzen baitzebiltzan.
Baina liburuak eta buru zizelkatuakisilduak dira aspaldian. Erdoi etxeko atea jo, eta adineko batek ireki. Euskaraz jakin bai, baina 15 urte dituenetik Bordelen bizi izan zela esplikatu du. Bithiriñakoa sortzez, egoitza alokatzen du azken urte honetan: «Nafarroa ere ez dakit non den... Badakit hemen Baxenabarren garela, badakit non den Lapurdi... baina Nafarroa?».
Joan III.a erregearen deia ez duke entzun. 500 urte, ez baita guti. Erregeak Donapaleutik bota zuen erresuma konkistatuaren libratzeko deia, 1512ko irailean. «Erresuma neutrala indarrez usurpatu, okupatu eta tiranizatu» zutenei kontra egiteko armada bat osatzeko deia. 1512ko uztailean, Frantziaren kontrako gerlaren estakuruarekin, Espainiako armada sartu zen Nafarroako Estatuan. Deialdia egin eta bi aste berantago, armada handi bat abiatu zen bertatik Iruñera. Pentsatzen da hamar edo hamabi milako bat elkartu zela Donapaleun.
Hodei guztien azpitik eta interferentzia guztien gainetik, 500 urte ez dela hainbeste pentsatzen dutenak ere badira. Nafarroa guztitik, eta urrunagotik, jendeak eta taldeak antolatzen ari dira biharko, hain zuzen, Nafartar Naturalek apailatu eguna hornitzeko: Erronkarikoak beren jantzi ikusgarriekin, Baztango musikariak, Zangozako dantzariak, Burlatako, Barakaldoko eta Donapaleuko joaldunak, Tafalla eta Garestik dantzariak, Iruñea, Baigorri, Kanbo eta Donapaleuko erraldoiak beren gaiteroekin, albokariak, Baxenabarreko dantzari multzoak Baigorri, Garazi eta Amikuze guzitik, Oztibarreko batukada, Amikuzeko txaranga eta trikitilariak, Força Farxa Kataluniako orkestra, Chancaires Biarnoko zangaluze eta kantariak, bertsolariak, eta beste. Guztiek eta gehiagok hitzordua 10:30ean dute karrika kurri abiatzeko Airetik gelatik, eta hortik gaua arte segituko du bestak.
Plaza giro
Konkistatik deskonkistara
Deskonkista abiatuko dute bihar Donapaleun, 1512an Joan III.ak egin deiari erantzunez. Orainokoan deskonkistatik baino konkistatik gehiago du hiriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu